Garazi Arrula Ruiz.
LARREPETIT

Neofaxismoa

2018ko azaroaren 2a
00:00
Entzun
Jainkoa, familia, Brasil, idatzita zituen Bolsonarok esku-ahurrean, kanpainan telebistarako egin zioten elkarrizketa batean. Erantzun bakoitzean nola edo hala aipatu beharreko hitzak. «Brasil jota dago indigenen nagiaren eta afrikarren arima gaiztoaren oinordetzagatik». Bekatua eta morala ate-joka. Armak legeztatzeaz mintzatu da, kartzelara sartzeko gutxieneko adina jaisteaz eta legezko abortuari atea ixteaz. Konstituzioa, demokrazia eta askatasuna aldarrikatu ditu presidente izendatu berritan. Eliza eta militarrak izanen ditu eskuz esku, Brasileko azken diktaduraren aldeko lauzpabost jenerali ardurak eman nahi baitizkie gobernu berrian. Eta, gainera, ez baitago aurreko guziarekin kontraesanean, «herritarren eskubideak defendatuko ditugu».

Garai bateko balioak berreskuratu ditu Bolsonarok, bere burua antisistematzat duenak, eta herritarrekin konektatzea lortu du. Zuzena da, kontzeptu ilunetan ez da katramilatzen, emozioei hitz egiten die, eta mezu autoritarioak kontsigna bihurtzen jakin du. Ordena eta segurtasuna; ez da alferrik militar ohia. Sinetsi egin diote, edo norbaitengan sinetsi behar, eta gehiengoak harengan jarri du fedea.

Herritarren eskubideak eta askatasuna defendatuko dituela esatean, ez da gezurretan ari; emakume, indigena, migratzaile eta homosexualak ez baititu herritartzat hartzen, eta bere interesen askatasuna zapaltzen ez duten eskubideez ari baita. Ixiar Rozasen Beltzuria-k oihartzun: «Gerora ulertu dut izendatzerakoan izana ematen duzula. Eta hitzen eta gauzen arteko lotura arrakalatu eta iraultzeak plazerra ematen dizula». Zeinuekin jolas egitea praktika zaharra baita. Hala egin du Forza Nuova alderdi italiarrak ere, afixa batean erabili baitu Laugarren Estatua koadrokoa dirudien andre bat, umeari bularra ematen (harri batez bi kolpe: beste garai bat gogora ekarri eta langileriaren irudia beretzat hartu), mezu honekin: «Italiak umeak behar ditu, ez gay bikote eta migratzailerik». Ariketa 3bat: Hegoaldean kanpaina hasi den honetan, pentsa hautagai bakoitzak zer hiru hitz izanen dituen esku-ahurrean idatzita. Oso gutxi erratu baietz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.