maddi ane txoperena iribarren
LARREPETIT

Kontraesanean, akuilu

2018ko abenduaren 12a
00:00
Entzun
Zer pentsatuko luke Harkaitz Canok labetik atera berria duen liburua hainbeste euskaldunen mesanotxean ikusita, oraindik ireki gabe? Eta hala jarraituko balute hilabetez, harik eta azkenean apalean bukatzeraino? Niri ez lidake grazia handirik eginen, baina hala jarraitzen du Durangoko Azokan Susaren standean poz-pozik erositako nire Fakirraren Ahotsa-ren aleak ere. Eta lanak eta azterketak direla, segur aski ez diot kasu handirik eginen, dena ongi bidean, urtarril bukaerara arte, bederen.Eta berdin gertatuko zaie, tamalez, horrekin batera euskal-kultur-kontsumo-sukarrak gaindituta erosi ditudan beste ale guztiei.

Ez dut horrekin asmorik Durangoko Azokaren kritika besterik gabe egiten hasteko; horretarako, bada lehendik bertso sorta bikain bat, Sarasua anaiena. Perlarik perla erakusten diguna gure handitasunaren handiustekeriaren arriskuen kontraesana: puntu batzuk arrantzatzearren, eta aurrekoei erreferentzia eginez, «Liburua dugulako/ kultura goren mailako/ besteak beste estanteritan egoten dalako, Estanterien tamaina/ kultur neurtzaile bikaina edota Hauxe da gure egia/ arkaitzpeko orlegia/ behi sakratuen mantenurako larre motxegia».

Horiez gain, bertze mila kalte topatu dizkiot joan den aste honetan: hainbeste jende toki bakarrean aglomeratzearen itolarria, edota haren aitzakian beti bezala aitzakiarik behar ez duten parranda horietako bat egitea, besteak beste. Baina ajeak pasatuta, pentsatzen aritu naiz, Durangok, izatekotan, baduela zerbait ona itxuraz nardagarri diren beste hitzordu (hala lehiaketa, emanaldi, jaialdi...) batzuek ere badutena: akuilu izatea. Ezen, ez baitakit Harkaitz Canok, baina beste askok agian ez genukeen liburua, urtekaria edo diskoa bukatuko, ez balitz abenduko lehenengo asterako Anboto azpiko larrean euskal behiak kulturaz alha daitezen egon behar zuelako. Kontraesanean ere, akuilu delako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.