Jaume Gelabert.
LARREPETIT

Etsaiak, lagunak, ezkongaiak, maitaleak...

2018ko abenduaren 27a
00:00
Entzun
Eta senar-emazteak. Ipuinaren izenburuak izena ematen dio Alice Munro (Ontario, Kanada, 1931) idazle nobeldunaren ipuin-bilduma bati. Bere istorioetan apal sartzen gara, deus gertatuko ez balitz bezala, ustekabeko ziztada batek asaldatzen gaituen arte, arreta sukaldeko apalategiaren deskripzioari edo tren geltokiko langilearen eginkizunari jarria diogun unean. Gero, jasotakoaz gogoeta egin dezagun edo, erritmo lasaia ezartzen du berriro kontakizunaren amaieran, zauria mantso orbain dadin.

Bada, Munroren idazkien antzera, halaxe bizi izan gara asko Nafarroako legegintzaldian; patxadaz eta gozamenez ospatu dugu Erregimen Zaharraren porrota, eta, nahi baino motelago eta tartekako barne kontraesanak kontraesan, atseginez ikusi dugu Aldaketa pixkana-pixkana zabaltzen zela jendartean. Eta arreta bideratua genuenean —baita nik ere, daitort— eskuinaren ohiko ateraldi histrionikoetara, esaterako Ana Beltranen gorroto adierazpenetara edo Skolae programaren aurkako erantzun atzerakoira, kasketa eskuinaren —edo ultraeskuinaren— ezintasunaren seinale joa, zaplazteko asaldagarriak, bata bestearen segidan, jaso ditugu. Lehenengo kolpea Nafarroako barometroak eman digu; antza, Aldaketa ez da espero genuen bezainbeste zabaldu eremu foralean, eta PSN Erregimen Zaharraren partaide ohia beharrezko izanen litzateke —barometroaren arabera— gobernua osatzeko. PSN, Chivite eta Esporrinen alderdi hori. Bigarrena Ahal Dugu-ren eskutik hartu dugu. Joxerra Senarrek zehatz azaldu zuen alderdiaren barne-krisia eta zer eragin ekar diezaiokeen hausturak Aldaketari: Orain Baik aldaketa lehertu du. Lagunak etsai bihurtuak, badirudi ezkutuko maitaleak zelatan daudela ezkongaien arteko eztabaidatik etekina ateratzeko, senar-emazte berria sortzeko asmotan.

Ez gara oraindik istorioaren azken paragrafora iritsi. Espero dezagun bukaera ez izatea —bestela oso gustuko dudan— horren garratza.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.