maddi ane txoperena iribarren
LARREPETIT

Anbiguotasunak

2019ko uztailaren 31
00:00
Entzun
Euskal Herrian, gure herritik ez sobera urrun, sartu gara lau neska ostatu batera bazkaltzeko lekua eskatzera, eta zerbitzari erdaldunak, jator, «hemen duzue mahaia, mutilak» (gaztelerazko chicos, plurala egiterakoan gizonezko bat nahikoa baita guztia maskulinoa izateko hizkuntza horretan), baina laurak neskak nola garen, zalantza sortu zaigu: gutako nor iruditu izanen zaion mutila zerbitzariari. Ile luzea dugu bik, bertze biek motza. Eta agian horregatik izanen dela pentsatu dugu: ile motzekoak izanen direla mutilak zerbitzariaren begietara. Elkarri begira, irriz lehertu gara. Eta ez diogu ezer erran.

Bazkaria jan bitartean espekulatzen hasi gara, pentsatuko ote zuen zerbitzariak bi bikote ginela: bikote heterosexualak subkontzientearen traizioa. Eta kontatu du batek, ile motzekoa bera, nola behin ostatu batean emakumezkoentzako komunetik atera zenean ilaran harrapatu zituen bertze bi emakume, eta hura ikustean, nahasita, galdetu ziotela: zein da emakumezkoen komuna? Horixe zen, noski. Eta ez zen nahita nahastu.

Niri ere gertatu zitzaidan, duela urte batzuk, ilea motz-motz ebaki berri nuela, gizon zahar batek mutiltzat hartu ninduela. Disgustu ederra hartu eta mila barkamen eskatu zizkidan konturatu zenean ez zela hala. Niri ez zidan, ordea, traba berezirik egin nahasketak. Eta komunetakoa zeini ez ote zaio gertatu, emakumezkoenak beti baitu ilara luzeagoa, edota hautu kontzientez sartzen garelako ez dagokigunera, ez agian deserosotasuna sortzeko helburuz, baina hala gertatu ohi da ia beti.

Halako egoerek erakusten dute, komunak nola, ze behar ikaragarri duen gizarteak genero bateko eta bertzeko pertsonak sailkatzeko, ezin utziz sekula anbiguotasunean. Ez baitakigu jokatzen ez bada horren arabera.

Nola ez, zerbitzariak ile motzetako bati atera dio kafe hutsa, eta bi ile luzeoi, ebakia. Hutsa, berez, niretzat zen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.