Goizalde Landabaso
LARREPETIT

Baikortasunetik

2019ko irailaren 3a
00:00
Entzun
Ipazterko Arragua sormenerako zentroak eta Berlingo Arthausek sustatuta: Alemania, Erresuma Batua, Taiwan eta Euskal Herriko artistak egon dira lanean Arropain auzoan. Sortzen ari direnaren lagina erakutsi zuten Terraza izeneko kultur egitasmoan. Birdsong lana oholtzaratu zuten hasteko, eta horixe egin zitzaidan deigarriena. Lau emakume eta gizon bat oholtza gainean. Gizona, oilarra; emakumeak, berriz, oiloak. Oilategian egunerokotasuna gailentzen da, dena ondo oilarrak ernaldutako oiloek arrautza bana erruten duten arte. Hiru arrautza zuri; laugarrenak, baina, arrautza arrosa errun eta hor, dzast!, amaitzen da komunitatearen baretasuna. Uniformizazioa da komunitateak nahi duena, hori baita oreka. Oilarrak arrautza desagerrÆ’arazteko esaten dio oilo ezberdinari, baina oiloak ez du nahi. Arrosa izan arren, berea da. Orduan beste hiru oiloek eta oilarrak bortxaz sartzen diote. Hala ere, oiloak erruten du berriz ere arrautza arrosa. Oilarrak, furiak hartuta, arrautza bota egiten du, eta suntsitu. Izugarrizko jipoiarekin zigortzen dute guztiek oilo disidentea. Heterodoxia, mon ami(e), gutxik maite eta are gutxiagok ametitzen du. Alegia, gauzak ondo egiten dira, kanonak (edo) markatzen duen eran, eta gero beste guztia dago. Nork markatzen du «normalitatea» deitzen den hori? Oilarrak eta, jakina, orekari eusten dioten oiloek. Gero eta gehiagotan pentsatzen dut «beste guzti» horretan gaudela askoegi, gero eta gehiago.

Baina ez dezagun zutabe-sorta ezkortasun zantzuekin hasi. Gu gizon-emakume toleranteak gara, aizu! Gu beti prest bestea onartzeko, den bezalakoxea: beltza, errena edo emakumea. Gu eredugarriak gara, hauxe da izan litekeen eta gizarterik onena... datorren igandean bertan erakutsiko diogu munduari, Hondarribian bertan, zein ondo onartzen dugun bestea. Munduan gu bezalako toleranterik ez dagoelako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.