Jaume Gelabert.
LARREPETIT

Demokraziaren 'after'-a

2019ko irailaren 19a
00:00
Entzun
Pou anaien erronka horietako baten leloa ematen du: 4 urte, 4 hauteskunde. 2015eko abenduan, Mozal Legea indarrean sartu zen urte berean, hasi zen Espainiako Erresuman maiztasun handiko ohitura bilakatu den demokraziaren festa. Hurrengo urtean, 2016ko ekainean, Altsasuko gazteak atxilotu baino hilabete batzuk lehentxeago, berriz jaso genuen eginkizun demokratikoa betetzeko deia—baita botoa ematekoa ere—. 2017an ez zen hauteskunde kanpaina ofizialik izanFelipe VI.aren monarkia parlamentarioan —tira, 2015az geroztik une oro izaten da kanpaina, edozein momentutan gerta bailiteke bozkatzeko deialdi berria—. Katalunian urte hartan, aldiz, eskoletan eta auzo-etxeetan hautetsontziak agertu ziren, auskalo nondik ekarriak —baita, borra eskuan, boto ematea eragozteko demokraziaren defendatzaileak ere. Aitzitik, ederki ongi dakigu nondik ziren iritsiak borradunak. 2018an ere boto txartelik gabeko urtea izan genuen, Mediterraneo itsasoan Espainiarako bidean 1.000 pertsona inguru hiltzen ziren bitartean. Atseden hartuta eta indarberriturik, aurtengo apirilean ekin diogu beste behin ordezkari politikoak aukeratzeko lanari, ultraeskuinak 2.700.000 boto inguru eta Espainiako Gorte Nagusietako 24 eserleku lortu dituen egun berean. Eta aste honetan jakin dugu azaroan izanen direla hauteskundeak, urte bereko bigarrenak, dagoeneko demokraziaren festa demokraziaren after bihurturik.

Maiz aldarrikatu izan dugu bozkatzeko eskubidea, botoa ematea pertsona guzien eskubideak bermatzeko bide eraginkorra delakoan. Nik, behintzat, aldarrikapen horretan jarraituko dut. Dena den, botoa demokraziaren berme baldin bada eta Espainiako Estatuaren azken lau urteotako hauteskunde-frekuentzia ikusita, ondorioztatu genezake akatsik gabeko demokrazia dela espainiarra; ostera, Estatuaren epe bereko ibilbideari erreparatzen baldin badiogu, erraz ohartuko gara papertxoa hautetsontzian sartzea ez dela nahikoa izaten gabezia demokratiko sakonak estaltzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.