Hedoi Etxarte
LARREPETIT

Kioseko emakumeak

2019ko urriaren 5a
00:00
Entzun
Badira propio Hegoaldean kontatzen ez diren XX. mendeko historiako pasarteak. Ez dira kontatzen gure artean arerio gisa aurkezten diren bi familia politikok nahiago dutelako hala izatea. Alegia, AEBen eta Erresuma Batuaren aldeko apustua eginda beren errelatoa zabaltzen dute.

1948ko ekainean, Kioseko kontzentrazio esparruan 1.350 emakume erresistente, komunistak oro har, giltzapetu zituzten. Guztiak torturatu zituzten. Zaharrak, irakasleak, ikasleak, haur jaioberriekin zeuden amak. 1.350 emakume eta 120 haur. 1949ko martxoan horietako 1.200 Trikeriko uhartera aldatu zituzten. Ia inor bizi ez zen beste uharte bat Solzhenitsynen lagunek aipatzen ez duten Greziako kartzelen artxipelagoan. Beste 2.000 preso iritsiko ziren gero. Aurki izango ziren 4.500 baino gehiago. Horietako asko Makronisoseko purgatoriora eramango zituzten gero. Eta han hilko ziren asko, betirako gaixotu gehienak, eta 1953an askatzen hasiko ziren gainontzekoak.

Makronisosen diziplina militarra segitzen zuten. Ezin zuten kanpoko dirurik, gutunik ezta paketerik jaso. Eta gosez hil ziren bereziki, ez zeukatelako nahikoa janaririk, urik, medikurik eta botikarik. Haurdun zeudenetako askoren seme-alabak hilik jaio ziren. 1949ko irailean mazedoniar bat bikiz erditu zen. Haurdunaldiko azken egunera arte egon zen lan esklaboa egiten. Monasterioko sotoetan bakarrik erditu zen. Handik bi egunera hil zen haurretako bat. Besteari Elefteria izena jarri zioten herrixkan bizi zirenek. Astebetera hil zen. Malariaz, pneumoniaz, tuberkulosiaz, ala alanbre ziztadunean katigatuta hiltzen zen jendea han.

1950ean eraman zituzten beste 1.200 emakume eta haurrak bulgariarrak eta putak ziren Makronisoseko faxistentzat. «Damutze adierazpena» sinatu behar zuten orduan. Bestela haurrak kentzen zizkieten, kolpatzen zituzten, isolatzen, gauez razziak jasanarazten, galdeketetan torturatzen, janaririk gabe uzten. Sei hilabetez izan zituzten bananduta «damututakoak» eta «damutu ez zirenak». Handik sei hilabetera Trikeriko esparrura eraman zituzten bueltan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.