Jaume Gelabert.
LARREPETIT

Asteroide kanpaina

2019ko urriaren 31
00:00
Entzun
Lau urte eman dituzu asteroide galdu batean bakar-bakarrik, salbamendu taldearen esperoan. 48 hilabete inorekin mintzatu gabe, zeure buruarekin izan ezik; 1.460 egunean ez duzu hitz bakar bat ere entzun. Erreskatearen itxaropena ia galdua duzunean, espazio-ontzi dirdiratsu batek lur hartu du leunki zeruko gorputzaren azal harritsuan. Salbamendu taldeko kideak eskailerako mailak banan-banan jaitsi ditu. Zugana jo du, eta eskafandra kendu gabe mantso ahoskatu ditu izen-deiturak: «Jaume Gelabert?». «Ni, bai ...», erantzun diozu totelka. «Ergel arraioa!», bota dizu bidaiari kosmikoak, espazio-ontzira itzuli aurretik. Babo aurpegiaz jaso dituzu begiak, izarrarteko garraiobidea zeruan nola galtzen den egiaztatzeko.

Douglas Adamsen —berari altxatu diot aurreko paragrafoaren ideia— naufrago intergalaktikoaren begitarte bera jartzen dut hainbat alderdiren hauteskunde propaganda biltzen dudanean etxeko postontzian. Lau urtean behin —aitortu behar da azkenaldian maizago gertatzen dela— nitaz oroitzen diren hainbat politikariren aurpegierak ikusi bitartean, nolabaiteko «Kaiku halakoa!» oihu egiten didatela irudikatzen dut, hautagaiak nire pentsaera, asmo eta beharretatik erabat urrun bizi izan baitira boto eskarien arteko aldian, beste galaxia batean. Edo are okerrago, nire intereseko gaietara hurbildu direnean, eraso egiteko izan da; esaterako, hizkuntza eskubideen aurka jardun dute eta sutsu aritu dira lan-baldintzak txarrera egiteko betekizunean. Bada gehiago: kaltegarri, defizitario eta alferreko jotzen ditudan azpiegitura erraldoiak bultzatu dituzte, adierazpen askatasuna murrizteko neurriak proposatu eta ezarri dizkigute, edo sistema judiziala nahierara erabili dute injustizia zabaltzeko. Nahi izatera, ahalegin handirik egin gabe luzatu nezake zerrenda.

Aste honetan berean jasoko dugu astronautaren aldizkako bisita.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.