Jaume Gelabert.
LARREPETIT

Eskuinaren diskurtsoa desarmatzen

2020ko otsailaren 13a
00:00
Entzun
Nork bere estrategia muntatzeko eskubidea du, baita aurkari politikoarena desarmatzeko ere, jakina. Sun Tzu filosofo-gerlari txinatarrak argi zuen kristoren aurreko bosgarren mendean: borroka egin gabe irabazteko, lehendik nahasi, desanimatu eta desmobilizatu behar da arerioa. Asiarraren irakaspenen jarraitzaile, Nafarroako Gobernuak eskuinari aurre egiteko plan original eta berritzailea asmatu du; izan ere, Javier Remirez Gobernuko bozeramailearen arabera, programa apurtzailearen lehen emaitzak sumatzen hasiak dira, «eskuinaren diskurtsoa deseraikitzen» ari baita. Remirez pozik dago, gainerako gobernukideak ere bai —gobernua osatzen duten lagunen aldartearen berri ematea izan behar bailuke bozeramaile prestuaren lehentasunak— eta eskuina —baita ni ere, egia esatera— nahasirik eta noraezean dabil. Eskuinaren eskakizunei men egitea da gobernuaren politika berria. Iraultzailea.

Remirezek eskuinaren kalapita iragarri zuen bertan gelditzeko Nafarroara iritsiko diren berrehun guardia zibilen etorreraren harira. Nafartu berriei ongi etorria emateaz gain, Benemeritaren tropa handitzearen onurez eta berdez jantzitako gizon-emakumeen beharraz aritu zen PSNko politikaria —eta gobernuko eleduna, ez dakigula ahantz—. Nahasgarria da oso, larunbatean Espainiako Gobernu Ordezkaritzaren aurrean Guardia Zibilaren alde manifestatu ziren eskuineko, oso eskuineko, politikariek—Ortega Smithek, Ana Beltranek, Garcia Adanerok— iritzi bera azaldu baitzuten akelarrean. Are nahasgarriagoa kontuan hartzen baldin badugu Nafarroako Gobernuak trafiko eskumena berreskuratzeko eskaera egin duela, eta horren ondorioz, logikaren agindua beteko balitz, guardia zibilen kopurua murriztuko litzateke, trikorniodunen balizko beharrarekin batera. Baina logikak ez du lekurik politika berrian. Gobernuak armadunen bidez desarmatu du eskuinaren diskurtsoa. Remirezek nahastea lortu du; laster desanimoa iritsiko da, desmobilizazioaren aurrekoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.