Jaume Gelabert.
LARREPETIT

Drama

2020ko uztailaren 16a
00:00
Entzun
Nork bere egoera ondokoarenarekin alderatzeko joera oso gizatiarra da. Batzuetan gurean baino bizimodu, sasoi edo egoera hobean direnekin egiten dugu konparazioa, nolabaiteko aurrerapena egiteko eredu hartuta. Hobetzea izaten da helburua. Alderaketa baldintza kaxkarragoan bizi direnekin egitea izaten da beste aukera bat; autoestimua indartzea izan daiteke modalitate honen xedea, «begira zeinen ongi egiten dugun!», eta okerrago izan gintezkeela erakusteko argudiotzat ere erabiltzen da, «begira zer gaizki dagoen ondokoa!» —gobernuek azalpenak ematen dituztenean eta enpresaburuek langileen baldintzak justifikatzen dituztenean maiz erabilia—. Murrizketen aitzinsolasa izan ohi da.

Drama telesaila ematen hasi dira ordutegi nagusian Kataluniako TV3 kate publikoan, eta polemika piztu du Principaten. Espainiako telebista publikoak ekoitzi du eta lehendik Youtuben ikusgai zen; orain erosi ditu saioa emateko eskubideak kate katalanak. Telesaileko aktoreek katalana, catanyola gehienetan, eta gaztelania neurri berean erabiltzen dituzte —minutua gora, minutua behera, ez baitut ikerketa lanean kronometrorik erabili—. Telesailaren defendatzaileek argudiatzen dute Drama-k Kataluniako egoera soziolinguistikoa islatzen duela —pentsatzen dut Kataluniakoa esaten dutenean Bartzelonakoa eman nahi dutela aditzera, auskalo nola moldatuko liratekeen sortzaileak Lleidara iritsi berriko jatorri gambiarreko etorkin talde baten bizimodua islatzeko— eta elebitasunak bizitasun puntu bat ematen diola tramari. Ez dakit, ba. Katalanaren erabilera bultzatzea da kate publikoaren funtsezko betekizunetako bat, eta dagoeneko hizkuntzak funtzio sozial dezente galdu ditu. Formatu bikaina litzateke Kataluniatik kanpo zabaltzeko, baina akaso ez da egokiena erakunde publikoak bertan eskaintzea.

Konparazioa? Agerikoegia. Euskal Herriko telebista publikoan kate oso bat dago gaztelaniari emana, eta ez dago apenas fikziorik euskarazkoan. Konparazioak gorrotagarriak izaten dira, baita dramatikoak ere, batzuetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.