Jaume Gelabert.
LARREPETIT

Kexatiak gara

2020ko irailaren 17a
00:00
Entzun
Ez dut uste sutan jartzen den bakarra naizenik norbaitek eskatu gabeko adierazpen alua eskaintzen digunean lantokian. Iraila hil oparoa izaten da arlo horri dagokionez. Horrelako egoeretan, nire izaera mediterraneoa ezagututa, berehala ez erantzuten saiatzen naiz, pentsatzen baitut hobe dela tenperatura jaisten uztea eta esandakoaren alderdi guziak ongi aztertzea. Ondorioa: kakati samarra naizenez gero, erantzuna «esan behar nituen gauzak» saileko tiraderan betiko geratu ohi da. Berriki aditu dut laneko norbait haserre dela, bere ustez lankideok kexati hutsak garelako, eta kexatu beharrean proposamenak egin beharko genituzkeela pentsatzen du. Orain, beroaldia apaldu denean, hobeki ulertzen dut pertsona horren haserrea —eta kexa?—. Kexatiak ote gara? Bai, noski, kexati baldin bada maiz kexatzen dena. Alde horretatik arrazoia eman behar diot lankideari. Baina bere enuntziatuaren bigarren zatiak ez nau erabat ase. Guk proposamenak egiten ditugu, zerrenda luzea dugu, eta hortik dator gure kexa, inork ez baitigu inoiz kasurik egiten. Dezente haserre gaude.

Ulermen mailako akats bera erakutsi du Urkulluk hezkuntzako grebaren gaineko balorazioa egin duenean. «Deialdiak tentsioa eta segurtasunik eza ekarri ditu» adierazpen nire ustez akastuna egin du. Berriz ere irakasleak kexati eta, gainera, arduragabe. Ai, ergatiboa! Nork eta zer nahasi ditu lehendakariak, edo bat-bateko itzultzaileak. «Tentsioak eta segurtasunik ezak deialdia ekarri dute». Ez da egoera hobeki ulertzen horrela adierazita?

Arlo askotara eraman daiteke agintarien adierazpenen zuzenketa. Kexatiak ote dira, esaterako, urtetan Zaballako presondegiko baldintzen egoera salatudutenak? Gezurra badirudi ere, oraindik ohartarazi behar zaie arduradunei espetxeko biztanleak ere pertsonak direla. Kexen tiradera ongi betea dago.

Iraila oparoa da, baina, achtung!: aurten ere, irailaren ondotik urria ekarriko digu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.