Samara Velte.
LARREPETIT

Burbuilen itzulera

2022ko urtarrilaren 7a
00:00
Entzun
Egunotan, hainbat kanaletatik eta hainbat hizkuntzatan iritsi zait Gabonetako zorion-mezu bera. Euren seme-alaben argazkiekin egindako muntaketak bidaltzen dituzten gurasoen postalen alboan, urte berrirako desiren zerrenda bat iritsi zait behin eta berriz sakelakora: Ā«Maskarak berriro ilerako kremak izan daitezen; olatuak, itsasokoak; testak, haurdunaldikoak; positiboak jende optimista izan gaitezen; eta burbuilak xanpainarenak izan daitezenĀ».

Ni ez naiz pertsona positibo bat. Liluratzen nau sare sozialetan errealitatea azukretzeko daukagun gaitasunak, eta ondoren norberak sortu dituen fikzio horiek sinestekoak: geure buruari opari bat egin eta paketea zabaltzean harridura aurpegia jartzen dugunean bezala. Begiak pantailatik jaso orduko, oso bestelakoa baita inguruan nagusi den umorea. Iraganaren nostalgia badago, baina ez da xanpain burbuilak falta zaizkigulako; jende optimistari susmo txarrez begiratzen zaio (eta arrazoiz: zergatik ari ote da barrez hori?); haurdunaldi test positiboak lehendik ere ez ziren beti desiratuak, eta ziurgabetasunezko garaiotan, ziurrenik, gutxixeago; eta zer esan ileko maskarez: itxialdiak elkarren atzetik kateatzen goazenok aspaldian gure gorputzari ipini diogun gauza estetikoena felpazko pijama bat da. Itsasoko olatuak geratzen zaizkigu, behintzat, irauten duen zerbaiten adibide gisara. Horregatik hasten dugu batzuok urtea hondartzan.

Agian, egiaz esan nahi duguna beste zerbait da: adibidez, osasungintza berriz toki fidagarri bat izatea nahi dugula, gaixoak eta langileak berdin zaintzen dituena. Edota pandemiaren aurkako neurriak ulertu nahi ditugula, mundu guztiak ez dezan izan irudipena norberak atera behar dituela babak eltzetik. Ez dugula hain bakarrik sentitu nahi. Baina geure buruari etsipena eta amorrua azaleratzeko baimenik ematen ez diogunez, emotikono irribarretsu bihurtzen gara, and I think that's beautiful.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.