Hedoi Etxarte
LARREPETIT

Itsasoaren filosofia

2022ko uztailaren 30a
00:00
Entzun
Sofan nengoen, etzanda, aitatxiri ikasi niona (eta dietista bakar batek onartuko ez zuena) praktikatzen: etxea oraindik ilun zela gosaldu eta ostera etzanda jarri, irratia norberak bakarrik entzuteko bolumenean, etzanda burusiarekin.

Goizeko bederatzietako albistegiaren ostean ordubeteko filosofia saio bat Frantziako irrati entzunenean, publikoan, Platonen eguzkipean Laurence Devillairs gonbidatu. Charles Pépin saioaren gidariak ibiltzeareneta gogoeta egitearen lotura klasikotik abiatu du solasaldia. Devillairsek aitortu dio berak ibilian ezetz, igerian pentsatzen duela eta igeri egin ezin duenean pentsatzeko zailtasuna izaten duela.

Devillairsek itsasoa bera aztertu du, itsasoaz filosofatu du harridura bikoitz batengatik: filosofiarentzat itsasoa bestea izan da, lurra norberarena zen bitartean, «akaso itsasoa infinitua delako, formagabekoa delako, akaso itsasoak gure gorpuzkera bera aldatzen duelako, ezin gara ibili, flotatzen dugu». Eta, aldi berean, Epiktetorenera, Spinozarenera, Pascalenera jotzean, giza kondizioaz aritzean itsasoaren metaforak aurki daitezke nonahi. Alegia, Devillairsek aztertutako filosofoentzat batera dela itsasoa bestea eta pentsatzea bera, norberaren kontzientzia.

Paradoxan sakondu nahian, itsasoaren metaforaren presentzia ezintasun batekin lotzen du Devillairsek: filosofoak zehaztasunera jo behar duenean, sententziara gerturatzen denean, gaitasunik ez eta itsasoa ekartzen du metaforaren tokian. Antzeko erreakzioa omen du sententziara gerturatu beharrean larritzen denean, hor ere metafora dakar.

Norbanakotasunera egin dute gero solasaldian, singularitateakintsularitatea-rekin duen loturara, norbera izatea irla izatea dela, eta ezin solasaldia lotu gabe utzi Anariren abestiekin eta Eider Rodriguezen aspaldi irakurritako Sarrionandiari buruzko saiakerarekin, Petite philosophie de la mer, liburua irakurtzeke irratsaio zoragarria eguna sofatik hasteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.