Blanca Urgell
LARREPETIT

Tristeegitasuna

2022ko abenduaren 14a
00:00
Entzun
Sareko hiztegiak erabiltzera ohitu naiz. Ezin gogora nezake noiz kendu nuen paperezko Orotariko Euskal Hiztegia liburu erabilienen apaletik; noiz jarri nuen hain goian, non gaur esku-eskaileraz baliatu behar izan bainaiz liburuki bat hartzeko. 2014az geroztik izan zen, dena den: atzo goizean nire adinean. Trauma handirik ez, hortaz.

Sareko hiztegiak ezin erosoagoak dira: beti daude eskura, hementxe pantailan, bila joan beharrik gabe (Euskalbar instalatu badugu); bilatzeko bost aukera ematen dizkigute, burura dakigukeen edozein edukitatik ia. Behar duguna ere di-da kopia eta itsats dezakegu.

Halere, zerupe honetan zeinek bere ifrentzua izan, eta paperezkoek badituzte bi abantaila sarekoek ez dituztenak, oro har, eta ez izate horretatik erator nezake, ausardia izpirik gabe, diseinatzailea ez dela ni lako bat.

Lehenengoa papera bera da, irakurle anitzen fetitxe ezaguna. Bigarrena hitzak maite dituztenek ere ulertuko didate. Euskaltzaindiaren hiztegian trista jarri, eta triska, triste, trikota eta trilita eskaini dizkit, okertu naizelakoan. Orotarikoa-n jarri, eta ordain, tristatu eta zernahi agertu dira aukeran, trista aditzoina bera behar nuelakoan. Ains.

Esku-eskailera ateratzeko,nik arrazoi sendoak behar ditut. Gaurkoa triste-ren sendiaren nondik norakoak miatzea zen. Eskalada eta gero, tristadura-tik hasi eta tristeziaramendu-n buka idoro ditut senide guztiak paperean, hitzak hitzari segika, Silvain Pouvreau itzultzailearen bi neologismo ausart polit horien artean.

Nork zer noiz nola erabili duten aise konta nezake, urtetan trebatua naiz eta, baina ezin esan triste zergatik hautatu dudan. Akaso eguraldiak Arabako Lautada honetan hola diharduelako: triste-triste-tristea. Uda alaiegiaren ostean, adopta genezake Pouvreauren hirugarrena: tristeegitasuna. Astoilun jainko akitaniar beldurgarriaren gaitza, akaso.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.