Ander Perez Argote
LARREPETIT

Gaizki pentsatu

2023ko martxoaren 17a
00:00
Entzun
Aste honetan bete dira 28 urte LondreskoChristie's enkante-etxean gertatu zena gertatu zenetik. 1571ko Leizarragaren Itun Berriaren ale bat jarri zuten errematean. Bertan, Arabako Sancho el Sabio Fundazioko kide bat zen, liburua etxera eraman nahian. Baina lehiakide bat sortu zitzaion ezustean, telefono hariaz bestalde, bere burua identifikatu gabe aritu zena, eskaintza bakoitza gaindituz, bertakoen harridurarako. Azkenerako, hamasei aldiz biderkatu zuen hasierako prezioa lehiakide anonimoak, eta 34 milioi pezeta ordaindu. «Liburuak ez du hainbeste balio», esan zuen enkantetik ateratakoan galtzaileak, Arabako fundazioaren ordezkariak.

Laster jakin zen telefonoko ahotsaren bestaldean Nafarroako Gobernua zela. Zehazki, Ogasun diputatu ohi Angel Lasuncion izan zen enkantean parte hartu zuena, Juan Cruz Alli Nafarroako presidenteak berak gidatutako operazioan.

Agian ordukoa zuzenean bizi zutenek gogoratuko dute azalpenen bat gehiago egon ote zen,jokabide hori esplikatzeko. Nik, bila aritu arren, ez dut halakorik topatu. Horregatik txunditu nau beti pasarteak, ez naizelako gai gobernuaren jokamoldearen atzean zer egon ote zen ulertzeko. Zergatik aritu ziren modu anonimoan, eta zerk eraman zituen halako dirutza ordaintzera? Ondarearen balioa aitortu eta hura Nafarroan egon zedin ziurtatzeko operazioa izan zen, asmo onekoa, ala kosta ala kosta EAEn izan ez zezaten egin zuten, zer gerta ere?

Agian gaizki pentsatzeko joera dugu berez. Baina ez digute horretarako aitzakia gutxi eman. Efemeridea bete den astean bertan eskaini digute azkena: inkesta soziologikoaren ondorioakkaleratu ditu Nafarroako Gobernuak. Datuak hobetzen doaz, baina urria da euskararen erabilera oraindik. Eta interpretatuzitezkeen datuak gobernuaren politiken ondorio zuzen gisa, edo justifikatu zitekeen, zenbaki horien baitan, euskara bultzatzeko neurri gehiago martxan jarri ez izana.

Ezetz asmatu bi bideetako zein hartu duten hedabide eta alderdi eskuindarrek...
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.