Lan Ikuskaritzak aurten aztertutako kontratuen %30 iruzurrekoak dira

Eusko Jaurlaritzako Lan Sailak 6.379 kontratu aldarazi ditu, finkoak edota lanaldi osokoak izateko

Taberna bateko zerbitzari bat, udako terraza batean. IÑIGO URIZ / FOKU.
jokin sagarzazu
2019ko abenduaren 31
00:00
Entzun
Iruzur handia dago aldi baterako kontratuetan eta lanaldi partzialekoetan. Errealitate hori utzi du agerian, beste behin, EAEko Lan Ikuskaritzak. Ondorioztatu du aurten egindako hiru kontratuetatik bat ez dela legezkoa: Araba, Bizkai eta Gipuzkoako 21.258 kasu aztertu ditu, eta %30 iruzurrezkoak ziren. Urtea hasi zenetik, lan kontratuen legezkotasuna zaintzen duen erakundeak 6.379 kontratu aldarazi ditu —3.376 emakumerenak eta 3.003 gizonenak—, eta legera egokitu dituzte: finkoak bihurtu dituzte, edota lanaldiak luzatu dizkiete.

Maria Jesus San Jose Eusko Jaurlaritzako Lan eta Justizia Sailburuak eman ditu ezagutzera datuak. Azaldu duenez, aurten aldarazitako kontratuen %85 aldi baterakoak izateari utzi, eta mugagabe bihurrarazi dituzte; %15i, berriz, luzatu dizkiete eguneko lan orduak. Proportzio horiek berdin mantentzen dira legealdia hasi zenetik. Denera, lau urtean 16.218 kontratu aldarazi dituzte: gehienak (%39) aurten.

Datuek erakusten dute kontratazioaren iruzurrak eusten diola, kontrolerako neurriak eta kanpainak ugaritu arren. Eta agerian uzten dute, halaber, enpresarien lege hauste nagusia aldi baterako kontratu faltsuarena dela. Iruzur gehienak ostalaritzaren eta hezkuntzaren esparruetan egiten dituzte kontratatzaileek.

Horri dagokionez, zifra batzuk eman ditu Jon Azkuek, Lan eta Gizarte Segurantzako sailburuordeak. Esan du %26koa dela behin-behinekotasuna, eta Europan kopuru hori %15 dela batez beste. Gogoratu du Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan aurten egindako 870.000 kontratuetatik «78.000 baino ez» direla izan mugagabeak. Eta gaineratu du hiru lurraldeetako kontratu guztien %15 direla lanaldi partzialekoak, eta horien %70 emakumezkoek betetzen dituztela.

Horiek hala, Espainiako Gobernu berriari dei egin dio kontratu mota horien baldintzak berrikusteko. Egin daitezkeen kontratu motak gehiago zehazteko eskatu dio, eta iruzurrezko kontratuak erabiltzen dituzten enpresentzako zigorrak «gogortzeko». Egun, isunak 626 eta 6.250 euro artekoak dira. Baina enpresek isun bakarra jasotzen dute, kontratu irregular kopuruaren, iruzurraren epearen eta enpresaren tamainaren araberakoa. Sindikatuen eta beste eragile batzuen aspaldiko eskaera da kontratu irregular adina isun jasotzea enpresek.

Beste kontrol batzuk

Kontratazio iruzurraren alorrean ez ezik, beste batzuetan egindako ikuskaritzen emaitzak ere eman ditu Lan Sailak. Gizon eta emakumeen berdintasunari buruzkoak, adibidez: San Josek adierazi du 351 kontratu aztertu dituztela, eta horietatik 261 ostalaritzako sektorekoak direla, hoteletako gelak garbitzeko langileen jarduerekin lotutakoak —«oso feminizatua dagoen sektore bat», sailburuak azpimarratu duenez—: guztira bederatzi arau hauste atzeman dituzte, eta 84 eskakizun bidali, pertsona horien kontratuak erregularizatzeko.

Soldata arrakalari buruzko alorrean 80 kontratu aztertu dituzte, arau hauste bat atzeman dute, eta sei kontratu aldatzeko eskatu dute. Haurdun dauden andreen eta egoera berezian dauden beste langile batzuen segurtasun neurriei dagokienez, 24 kasu aztertu dituzte, eta zortzi kasutan galdegin dizkiete neurriak. Sexu edo genero jazarpenarekin loturik, bi kasu aztertu dituzte, eta eskakizun bat bidali dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.