Bedoya: «Kolonbiako Estatuak nire bahitzaileak babestu ditu»

Lehen aldiz, Batzorde Interamerikarrera iritsi da gatazka armatuaren pean eginiko sexu eraso bat

Indarkeria matxistaren biktimen omenez eginiko erakusketa, Medellinen (Kolonbia). LUIS EDUARDO NORIEGA A. / EFE.
Iosu Alberdi.
2021eko martxoaren 16a
00:00
Entzun
Kolonbiako gatazka armatuaren barruan eginiko sexu-eraso kasu bat lehen aldiz iritsi da IACHR Giza Eskubideen Batzorde Interamerikarrera. Jineth Bedoya kazetariarena da. Kolonbiako Estatua salatu zuen, bere aurkako mehatxuen jakitun izan arren, babesik ez emateagatik. Paramilitarrek Bogotako Modelo espetxearen aurrean bahitu zuten, duela 21 urte. Kazetariak «torturak eta bortxaketa masibo bat» jasan zituela salatu zuen atzo, epaiketaren lehen egunean: «Herrialdeko kazetarientzat eskarmentu bat zela esan zidaten». Gaur eta bihar artean, bi testiguk eta bi perituk hartuko dute hitza.

Kolonbiako gatazka armatua, eta talde paramilitarren eta polizien arteko harremanak bertatik bertara jarraitu dituen kazetarietako bat izan da Bedoya, eta lan hori gogotik ordaindu zuen 2000. urteko maiatzaren 25ean, El Espectador egunkariko langile zela. Une hartan, Modelo espetxea «operazio bulego» gisa erabiltzen zuen «arma trafiko eta giza salerosketa» kasu bat ikertzen ari zen, paramilitarrak eta poliziak inplikatuak zituena. Hala, preso batek kartzelan elkarrizketatzeko gonbita egin zion. Hura, ordea, tranpa bat zen, eta paramilitarrek Bedoya bahitu zuten.

Gerora, hiru lagun epaitu eta zigortu zituzten bahiketagatik. Bedoyaren esanetan, baina, prozesua irregulartasunez beteta egon zen, eta fiskaltzak «bidegabe» jokatu zuen harekin: «Hamabi aldiz azaldu behar izan nuen nire bortxaketa». Gainera, aurkeztutako frogak eta espedientearen hainbat atal «galdu» egin ziren prozesuan, eta informazio iturri bat hil zuten, Bedoyari froga bat eman eta ordubetera. Hala, Batzorde Interamerikarrak hartu zuen arte, kasua 11 urtez «geldirik» egon zela salatu zuen kazetariak epaileen aurrean: «Ez da ikertu, ez da ezer aurreratu, bahiketa agindu zutenen izenak eman ziren arren».

Iritsitako aurrerapauso bakarrak kazetaritza lanen ondorio izan ziren. Bedoyak adierazi zuen egile material eta intelektualen artean hogeitik gora izan zirela hari eginiko torturetan eta sexu erasoan parte hartu zutenak, «baina fiskaltzak ez du gehiago ikertu nahi izan». Horietako hainbaten izenak ezagutzera eman zituzten; besteak beste, Kolonbiako Poliziako jeneral batena, «eragin eta botere handikoa». Azken hori, ikertu beharrean, «babestu» egin dutela uste du kazetariak: «Lagunak izan ditu nire bahiketatik gaur arte indarrean egon diren gobernu guztietan».

Horregatik guztiagatik, Kolonbiako Estatuaren aurka jo zuen. Salaketaren arabera, Estatua Bedoyaren arrisku egoeraren jakitun zen, eta ez zuen hura babesteko neurririk hartu, «emakumeen aurkako biolentzia ohikoa zen testuinguru batean». Izan ere, ez zen hura izan Bedoyak jasaniko lehen erasoa. Behin eta berriz salatu zituen mehatxuak, eta, hilabete batzuk lehenago, bera eta bere ama bahitzen saiatu ziren. Gerora, 2005. urtean, bigarren aldiz bahitu zuten, El Tiempo egunkariko kazetari zela. Bera eta harekin zihoan argazkilaria zortzi egunetara askatu zituzten.

Bedoyak adierazi zuen jasanikoak bizitza «suntsitu» ziotela, baina «ausart» jokatzeko modua aurkitu duela, «kazetaritzan babestuta». Hala, min hori «eraldatzea» lortu duela gaineratuzuen, «besteei laguntzeko».

Bide horretatik, beraentzat eta bere amarentzat babesa eskatzeaz gain, Kolonbiako emakumezko kazetariei ere laguntzeko eskatu zien epaileei, eta neurriak hartzeko gatazka armatuaren pean «sexu erasoak jasan dituzten emakumeen erreparazioa» bermatzeko. Hala, Modelo espetxea, «giza eskubideen urratze mota guztien sinbolo dena», itxi eta «memoriarentzako espazio» bilakatzeko eskaera egin zuen.

Kasuen %99, argitu gabe

Bedoyak zuzendutako Ez Da Isiltzeko Ordua kolektiboak eta Bogotako Andeetako Unibertsitateak eginiko ikerketa baten arabera, Kolonbiako emakumezko kazetarien %60k mehatxu edo erasoren bat jasan dute bere ibilbidean, eta hamarretik zortzik euren burua zentsuratu dute, beldurragatik. Izan ere, Kolonbian ohikoak dira kazetarien aurka eginiko erasoak, eta Giza Eskubideen Batzorde Interamerikarraren arabera, horien %99 argitu gabe daude oraindik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.