Iranek Israeli leporatu dio Natanz zentralari eraso egin izana

Teheranen programa nuklearreko gunerik garrantzitsuena da. Akordioaren aurkako «saiakera oro» gaitzetsi du EBk

Natanz zentral nuklearra, artxiboko irudi batean. ABEDIN TAHERKENAREH / EFE.
Iosu Alberdi.
2021eko apirilaren 13a
00:00
Entzun
Iranek Israel jo du herenegun Natanz zentral nuklearraren aurka eginiko «eraso terroristaren» erruduntzat, eta «erregimen sionistaren aurkako mendekua» iragarri du. Era berean, Mohammad Javad Zarif Atzerri ministroak azaldu du gertaerak akordio nuklearra «indartuko» duela.

AEBetako inteligentzia zerbitzuetako iturriak aipatuta, The New York Times egunkariak argitaratu du leherketa bat gertatu zela zentraleko sistema elektrikoan, ustez Israelgo zerbitzu sekretuek eginiko eraso baten ondorioz. Horrek kalteak eragin ditu uranioa aberasteko Teheranek duen gaitasunean; bederatzi hilabete beharko dituzte suntsitutakoa konpontzeko, iturri horien arabera. Irango Gobernuak ez du xehetasunik eman gaiaren inguruan, baina ukatu egin du biktimarik edo isuririk egon izana.

Uranioa aberasteko Teheranen programako zentralik garrantzitsuena da Natanz, eta, hain justu, gunean uranio zentrifugatzaile berriak jarri ostean gertatu da ezbeharra. Horiek lehengaia %20 aberasteko ahalmena dute —lehergai atomiko bat egiteko %90 aberastu behar da—.

Natanzen zereginak 2015eko akordio nuklearrean jasoak daude. Haren etorkizuna, ordea, ezbaian dago, 2018an, Donald Trump presidente ohiaren agintaldian, AEBek hura utzi eta Iranen aurkako zigorrak berrezarri zituztenetik. Egungo presidente Joe Bidenek negoziazio mahaira itzultzeko asmoa adierazi du, baina, aurrera egin ahal izateko, Washingtonek zigorrak bertan behera uztea nahi du Teheranek.

Bestalde, EB Europako Batasuneko Atzerri Gaietarako bozeramaile Peter Stanok «gaitzetsi» egin du bi aldeak elkartzeko asmoz Vienan martxan diren elkarrizketen aurkako «saiakera oro». Halere, Batasunak ez du neurririk hartuko «zehazki zer gertatu den» argitu arte.

Igandekoa ez da zentralaren aurkako lehen erasoa. Iazko ekainean, zentrifugatzaileak muntatzen ari ziren eremuan leherketa bat gertatu zen, Teheranen esanetan, «sabotaje baten» ondorioz. Aurretik, 2010ean, AEBek eta Israelek zentraleko sistema informatikoan Stuxnet izeneko birus bat sartzea lortu zuten, eta mila zentrifugagailu inguru suntsitu zituzten.

Oraingoan, Israelgo Gobernuak ez du gertaeraz zuzenean hitz egin, baina Benjamin Netanyahu jarduneko lehen ministroak adierazi du «Iranen eta bere aliatuen, eta Iranen armamentuaren aurkako borroka misio handi bat» dela Tel Aviventzat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.