Pandemiak ez ditu gastu militarrak mugatu, eta %2,6 handitu dira

Indar armatuak «indartzeko» Trumpen nahiak %4,4ko igoera eragin du AEBen inbertsioetan. Txinak 26. urtez jarraian handitu du gastua

Ibilgailu militarrak NATOk prestatutako ariketetan, iaz, Alemanian. PHILIPP GUELLAND / EFE.
Iosu Alberdi.
2021eko apirilaren 27a
00:00
Entzun
COVID-19aren pandemiak iaz nazioarteko BPG barne produktu gordina %4,4 erortzea eragin zuen, NDF Nazioarteko Diru Funtsaren arabera. Beherakada horrek ez ditu, baina, ondorio berak izan armagintza industrian, SIPRI Stockholmgo Bakearen Nazioarteko Ikerketa Zentroaren arabera: «Ziurtasunez esan dezakegu pandemiak ez zuela eragin esanguratsurik izan 2020ko mundu osoko gastu militarretan». Gastuek %2,6 egin zuten gora, 1,64 bilioi eurora iritsi arte. Zentroaren esanetan, bost herrialde daude gastu horien ia bi herenen atzean: AEBak, Txina, India, Errusia eta Erresuma Batua.

SIPRIren «harridurarako», armagintzak BPGan duen pisua areagotu zuen iaz, COVID-19ak eta ekonomiaren beherakadak baldintzatutako urtean: %2,4 izatera iritsi zen, 2019an baino bi hamarren gehiago. Txikia dirudien arren, igoera hori 2009ko krisi ekonomikotik izan den handiena da. «Orain, ikusteko dago ea gastu maila hori mantenduko duten pandemiaren bigarren urtean ere», azaldu du erakundeko ikertzaile Diego Lopes da Silvak.

Beste urtebetez, AEBak izan ziren gastu militarretara diru gehien bideratu zuen herrialdea: 647.000 milioi euro, 2019an baino %4,4 gehiago. Kopuru horrek mundu osoko gastuen %39 ordezkatzen du. Bestela esanda, zerrendako hurrengo bederatzi estatuek batera baino gehiago.

Txostenaren arabera, orduko presidente Donald Trumpek «ahuldutzat» jotzen zituen indar armatuak «indartzera» bideratu zuen Washingtonen aurrekontuaren zati bat, «Txina eta Errusia bezalako lehiakide estrategikoen mehatxuen aurrean». Hala, AEBek «inbertsio handiak» egin zituzten ikerketan eta luzera begirako proiektuetan: besteak beste, armategi nuklearraren modernizazioan.

AEBetako aurrekontu militarra handitzea Trumpen administrazioaren oinarrietako bat izan zen. Presidente ohiak hiru aldiz jarraian handitu zuen partida ekonomikoa, aurreko zazpi urteetako murrizketen ostean.

Zerrendaren bigarren postuan ageri da Txina, urrun bada ere. Asiako erraldoiak 26. urtez jarraian handitu zituen iaz gastu militarretara bideratutako aurrekontua —SIPRIren datu basean erregistratutako segidarik luzeena—, eta 209.000 milioi euro izatera iritsi zen; 2019an baino %1,9 gehiago; duela hamar urte baino %76. Halere, zerrendako lehen postuetan dauden gainerako herrialdeetan ez bezala, Txinan gastu militarrek ez zuten 2019an baino pisu handiagoa hartu BPGan. Horren arrazoia iaz emaniko gorakada ekonomikoa da.

Munduko bi potentzia ekonomiko handienen atzetik, Indiak (60.599 milioi euro eta %2,1eko igoera), Errusiak (51.289 milioi eta %2,5eko igoera) eta Erresuma Batuak (49.211 milioi eta %2,9ko igoera) egin zituzten gastu handienak. Errusiaren kasuan, baina, aurrekontuetan aurreikusitakoa baino «nabarmen gutxiago» gastatu zuen gobernuak armagintzan. Horren atzean COVID-19ak ekonomian izaniko eragina dago, SIPRIren ustez. Eta ez da hura pandemiaren ondorioak jasan dituen bakarra. Esaterako, Hego Koreak —hamargarrena da zerrendan— gastu militarretarako aurreikusitako diruaren zati bat osasungintzara bideratu zuen.

Era berean, jaitsiera orokorra izan zen Hego Amerikan (%2,1ekoa) eta Ekialde Hurbilean (%6,5ekoa) ere. Kontrara, Saharaz hegoaldeko Afrikan gora egin zuen (%3,4).

%2ko langa

NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundeko kideen artetik,AEBekin eta Erresuma Batuarekin batera, Alemania —zazpigarrena— eta Frantzia —zortzigarrena— ere lehen hamar estatuen artean ageri dira. Ez dira, ordea, armagintzari 2019an baino BPGaren zati handiago bat eskaini dioten bakarrak izan. Erakundeak adostu zuen 30 estatu kideek 2024rako gutxienez BPGaren %2 bideratu beharko dutela gastu militarretara, eta, SIPRIren datuen arabera, egun hamabik betetzen dute hori, 2019an baino hiru gehiagok. Halere, Lopes da Silvaren ustez, horren arrazoia atzeraldi ekonomikoa da, eta ez ezarritako helburua betetzeko asmoz «propio emaniko pauso bat».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.