Jesus Santrich FARC-EPko buruzagi ohia hiltzat eman dute Venezuelan

Talde armatuen arteko liskarretan hil dela zabaldu dute hedabideek, baina ez dute baieztatu

Seuxis Paucias Hernandez Jesus Santrich FARC-EPko buruzagi ohia, 2019ko irudi batean. MAURICIO DUEÑAS CASTAÑEDA / EFE.
Julen Aperribai.
2021eko maiatzaren 19a
00:00
Entzun
Atzo iluntzean Kolonbiako hedabideek zabaldu zuten Seuxis Paucias Hernandez Jesus Santrich FARC-EP Kolonbiako Indar Armatu Iraultzaileak gerrillako buruzagi ohia hilda zegoela.

1990eko hamarkadan egin zen FARC-EPko kide Santrich, baina ezagun egin zuen, batez ere, erakunde horren eta Kolonbiako Gobernuaren arteko negoziazioetan eta ondoko akordioan izan zuen rolak. Bi aldeek Habanan izenpetutako akordioaren sinatzaileetako bat izan zen, eta hura gauzatzen zela egiaztatuko zuen komisioko kideetako bat.

Semana atariak emandako informazioaren arabera, «talde ilegalen arteko liskarretan» hil zuten gerrillari ohia, Venezuelan. Kolonbiako hedabideek aurreratutako informazioa egiaztatzen ari zirela azaldu zuen, ondoren, Diego Molano Kolonbiako Defentsa ministroak, Twitter sare sozialean botatako txio batean: «Zerbitzu sekretuen informazioaren arabera, atzo Venezuelan ustez izandako liskarretan Santrich eta beste zenbait gaizkile hil ziren». Erantsi zuen informazio hori baieztatuz gero agerian geratuko zela Venezuelan «narkokriminalek» aterpe hartzen dutela. Santrichen heriotzaren baieztapen ofizialik ez zegoen edizio hau ixterakoan, baina hasieran zabaldutakoaren inguruko informazio gehiago iristen ari zen. Kolonbiako Fundaredes gobernuz kanpoko erakundeak jakinarazi zuen gutxienez lau gerrillari hil zirela iragan astean Venezualeko Apure estatuan, Kolonbiarekiko mugan izandako liskarretan, eta ikerketa «zabalik» zutela horien artean Santrich zegoen jakiteko. GKEaren arabera, FARCetik aldendutako bi talde armaturen arteko borrokak izan ziren, eta talde horietako bat Jesus Santrichek eta Luciano Marin Arango Ivan Marquez FARC-EPko beste kide ohi batek gidatzen zuten.

Santrichen heriotzaren berria haren kontrako auziaren inguruan berritasunak izan eta gutxira iritsi zen. Izan ere, iragan ostegunean, Kolonbiako Auzitegi Gorenak gerrillari ohia AEBetara estraditatzea onartu zuen. FARCen eta Kolonbiako Gobernuaren arteko bake akordioa indarrean sartu ostean ustez egindako droga trafikoengatik epaitu nahi du AEBetako justiziak, eta akusazio horren pean atxilotu zuten, Bogotan, 2018an. Hasieran, Bakerako Jurisdikzio Bereziak jakinarazi zuen ez zuela estraditatuko, AEBek haren kontra aurkeztutako frogak ez zirelako «nahikoak» izan. Kasua Kolonbiako Auzitegi Gorenera pasatu zen ondoren, baina epaitegi horrek, ebatzi artean, aske utzi zuen Santrich.

Borroka armatura buelta

Epai horren zain zegoela, FARC alderdiaren ondorengoa den Comuneseko senatari kargua hartu zuen Santrichek, 2019ko ekainean. Handik bi hilabetera, ordea, borroka armatuari berriz ekiteko asmoa agertu zuen, Ivan Marquez, Hernan Dario Velasquez El Paisa eta FARCeko beste zenbait kide ohirekin batera plazaratutako bideo batean. Orduan azaldu zutenez, «[Kolonbiako] Estatuak Habanako bake akordioari egindako traizioaren erantzuna» izan zen borroka armatuan jarraitzea. Bigarren Marketalia izena hartu zuen gerrilla berriak, FARC erakundea sortu zen lurraldeari erreferentzia eginez: «Munduari iragartzen diogu bigarren Marketalia hasia dela, munduko herriek zapalkuntzaren kontra altxatzeko duten eskubide unibertsalean oinarrituta».

Bogotak jopuntuan izan du azken urteetan, AEBek egindako presioa dela medio. Kolonbiako zerbitzu sekretuen arabera, Venezuelan izan da azken urteetan, baina, bi herrialdeen arteko harreman diplomatiko kaskarra tarteko, ezin izan du haren inguruko informazio zehatzik jaso, ezta atzeman ere. Horregatik, harengana iristeko informazioagatik 620.000 dolarreko—560.0000 euro— ordainsaria emateko prest zegoen Kolonbiako Gobernua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.