Ustelkeriak zipriztindutako hauteskundeak Hego Korean

Lee Jae-myung Alderdi Demokratakoa eta Yoon Suk-yeol Herri Boterearen Alderdikoa dira faboritoak gaur hauteskundeetan

YONHAP / POOL / EFE.
Zuriñe Iglesias Sarasola.
2022ko martxoaren 9a
00:00
Entzun
Presidentetzarako bozak egingo dituzte gaur Hego Korean. Bost urterako presidentea aukeratu beharko dute korearrek, eta ikusteko dago nork hartuko duen Moon Jae-Ineken lekua, 2017tik karguan egon ondoren. Bi hautagai nagusi daude: bata, Lee Jae-myung Alderdi Demokratako hautagaia, eta bestea, Yoon Suk-yeol, Herri Boterearen Alderdia indarrekoa. Inkestek biak jotzen dituzte faborito, bakoitzak %40ko boto asmoa biltzen duelarik. Kanpainan giro beroa egon da bien artean, eta, haien proposamen politikoetan arreta jarri ordez, ustelkeria kasuetan eta aurkariaren hutsegiteetan jarri dute arreta.

Alderdi Demokratak Lee Gyeonggi probintziako gobernadorea aukeratu zuen Moon presidentearen ondorengo izateko. 57 urte ditu, eta 2017an, Seongnameko alkate zela, presidentetzarako hautagaitza aurkeztu zuen, Park Geun-hye presidente ohia ustelkeriagatik kargutik kentzeko prozesua hasi zenean. Hala ere, Moon egungo presidentea gailendu zitzaion primarioetan. Langile klasearen eta ongizate publikoaren hedapenaren aldekoa da.

Herri Boterearen Alderdiko hautagaia, berriz, iritsi berria da politikara. 61 urte dauzka, eta Hego Koreako fiskalburua izan zen 2019tik 2021era. Esaterako, rol garrantzitsua jokatu zuen Park presidentea (2013-2017) eroskeriagatik eta ustelkeriagatik kargutik kentzeko —Park ikertu zuen taldeko burua izan zen—. Hain zuzen, ustelkeria amaitzeko asmoz, fiskalburu ohiak ustelkeria kasuak ikertzean jarri du arreta, eta hitzeman du presidente bilakatzen bada Moonen administrazioaren gehiegikeriak ikertuko dituela.

Biek ala biek aurkariari erantzukizunak aurpegiratzean oinarritu dute kanpaina. Giroa beroa izan da, eta horren adibide da Alderdi Demokratako presidente Song Toung-gili eraso egin ziotela Seulen, kanpainako ekintza bat egiten ari zirela. 70 urteko gizon batek mailu batekin jo zuen atzetik. Song ospitaleratu egin zuten, eta alderdiko kideek esan zuten laster sendatuko dela.

Boto emaileen kezka

Leek ikerketa kriminal posible bati aurre egin beharko dio funts publikoak bidegabeki erabiltzea egotzita. Gainera, Yoonek barkamena eskatu du bere emazteak duela bost urte irakasle izateko lan batean curriculum desegokia bidali zuela eta.

Ez da arraroa Hego Koreako politikan ustelkeriari buruz aritzea. Izan ere, orain arte, oraindik bizirik dauden presidente ohi guztiak ustelkeriagatik ikertu eta espetxeratu dituzte kargua uztean. Ustelkeria da korearren kezka nagusietako bat, eta hala erakusten dute egin diren inkestek: boto emaileek ustelkeriari aurre egingo dion presidente bat nahi dute.

Proposamen politikoen artean, Leek erdigunean jarri du oinarrizko errenta unibertsala OEU. Alderdi Demokratikoko hautagaiak esan du arazoari helduko diola, herritarren arteko desberdintasunak areagotzen ari direlako. OCDE Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Erakundeak dioenez, Hego Koreako adinekoen arteko pobrezia tasa erlatiboa OCDEko kide guztien artean altuena da: %48,3koa. Leeren asmoa da ongizate publikoa sustatzea errentaren, etxebizitzaren eta finantzaketarako sarbide unibertsalen bidez, eta ekonomia digital eta berriztagarri batean inbertitzea du xede. Yoonen asmoa, aitzitik, merkatu librearen politikak ezartzea da, negozio txiki eta ertainei oztopoak kentzeko. Gainera, energia nuklearrentzako laguntza berritzeko asmoa du.

Feminismoa izan da kanpainako beste gaietako bat. Adituek diote herrialdeko legeek ez dietela babesa ematen emakumeei, ez haien aurkako erasoetan, ezta horren ondotik ezartzen dituzten zigorretan ere. Emakumeek pairatzen duten arazo horren aurrean, hautagai bakoitzak irtenbide desberdinak proposatu ditu kanpainan.

Leek hauteskunde kanpainaren atarian emakumeen diskriminazioaren aurkako lege baten alde egin bazuen ere, LGTBIko ekintzaileek adierazi zuten atzera egin zuela, boto emaile kristau boteretsuak eta lobbyak lege horren kontra daudelako. Hala ere, hauteskunde kanpainan emakumeen eskubideen aldeko konpromisoa hartu zuen.

Emakumeen eskubideen harira, Yoonek bestelako ikuspuntu bat du. Urte honetan egindako elkarrizketa batean hau adierazi zuen: «Generoarengatiko diskriminazio sistematikoa ez da existitzen». Hori gutxi balitz bezala, gaineratu du herrialdeko presidente bilakatzen bada Genero Berdintasun eta Familia Ministerioa kenduko duela.

Atzerri politika

Hego Koreak zein atzerri politika eduki beharko zukeen ez da mintzagaietako bat izan. Izan ere, herritar gehienek Seulek AEBekin duen aliantza babesten du. Horiek horrela, Moon presidentearen atzerri politikak mantentzekoa da Lee. Hortaz, Seulen autonomia eta pragmatismoa azpimarratuko ditu, eta Txinarekin eta AEBekin gehiegi lerratzea saihestuko du.

Yoonek, berriz, Moonek Ipar Korearekin izan duen harremana kritikatu du, iruditzen baitzaio gehiegizko errespetua eta menpeko harremana eduki duela Piongiangekin. Horren harira, Herri Boterearen Alderdia indarreko hautagaiak adierazi du 2018ko akordio militarra bertan behera utziko duela, Ipar Koreak orain arteko jarrerari eusten badio. Gaineratu du ez dela posible izango desnuklearizazioa egin aurretik gerraren amaiera adieraztea. Horrez gain, Japoniarekin ez ezik, Txinarekin ere harremanak estutu nahi ditu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.