maddi ane txoperena iribarren
LARREPETIT

Nomada

2018ko ekainaren 27a
00:00
Entzun
Ez dut sekula jakin zer erantzun «Nongoa zara?» galderari. Mila aldiz pentsatu izan dut erantzun perfektu posiblea, baina oraindik ere urduri jartzen naiz galdetzen didatenean, eta totelka hasten naiz erantzuten: hangoa, eta hemengoa, eta... Jendeak, oro har, ez baitu ulertzen nola izan zaitezkeen aldi berean leku batekoa eta bestekoa. Eta orduan, azalpenik emateko gogorik ez dudanean, bata ala bestea erantzun ohi dut, galdetzen didan pertsonaren arabera. Edo biak batera, baina lotsagorrituta.

Ezagun batek behin soluzio polita proposatu zidan: nongoa naizen bainoago, nondik natorren erantzutea, izan aditzaren lekuan etorri jarrita. Alegia, goizean esnatu zaren lekuaren arabera pentsatzea erantzuna. Hala ibili ohi zen bera: «Ermutik nator orain, eta Soraluzera noa; Donostiatik nator, eta Baionarantz»... Polita iruditu zitzaidan jolasa, ez zuelako ematen erantzun geldorik; etengabeko mugimenduan aritzeko aukera ematen zion; nomada ibiltzeko beta. Eta erdi-nomada sentitzen garenontzat, ez dago hala izaten utzi eta ulertua sentitzea baino askatasun handiagorik.

Euskal Herria Zuzenean festibalak ere nomada izaera hartu du aurten, ez baitaki xuxen bere burua definitzen memento honetan. Azken urteotako aldaketek eta iazko festibalaren bertan behera uzteak eraman dute gogoeta prozesu sakonera. Eta ari da, pixkanaka, bere bidearen bila. Bitartean, egun-pasa bat eta gaupasa bat antolatu dituzte gazteek Baigorrin, Baionan eta Itsasun, izpirituari eutsiz, berriro ere egitarau oparoa prestatuta. Ezen, agian hain ezagunak ez izanagatik, ziur harrituko gaituzte aurten ere Yassassinek, Kolingak, antzerki emanaldiek... Ez da txarra nomada izatea, baldin eta ongi badakizu nondik zatozen; eta nora zoazen agian ez, baina bai norantz; edo nora ez. EHZk ongi daki hori guztia, eta, premia ikusten badu, aurkituko du bere bidea. Ez nau bereziki kezkatzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.