Goizalde Landabaso
LARREPETIT

Lau emakume

2018ko uztailaren 3a
00:00
Entzun
Egunotan hiru emakume izan ditut esku artean: Eleanor Roosvelt, Wislawa Szymborska eta Lucia Berlin. Eleanor Roosvelt 1884an jaio zen, New Yorken. Wislawa Szymborska, 1923an, Poloniako Korniken (orduan Prowent), eta Lucia Berlin, berriz, 1936an, Alaskan (AEB). Hirurak hilik daude dagoeneko (hurrenez hurren: 1962an, 2012an eta 2004an).

Lehenengoarekin kuriositatea nuen, gutxi nekien berataz. Bizitzen ikasi nuena da Lumen argitaletxe espainiarrak berriki kaleratu duen autobiografia, baina berez, 1960an idatzia dago. Egia esan, beste galaxia batekoa iruditu zait. AEBetako Franklin Roosvelten emaztea izan zen, eta goi mailako gizon-emakumeekin bizi izan zen, nahiz eta ongintzara (nolabait esateko) emana bizi izan zituen urte asko. Pertsonak bere garaian kokatu egin behar dira, soilik horrela uler dezakegu benetan zein garrantzi izan zuten. Horregatik tarte batez iruditu zait ez nintzela oso zintzo jokatzen ari beste emakume biekin alderatuta. Beste bien begirada erabat ezberdina da: mundu errealagoa erakusten digute. Minduta dauden eta jausi egiten diren haragizko emakumeak, harro altxatu egiten direnak, borrokatu, euren lekua aldarrikatzen dutenak. Eleanor Roosvelt, berriz, urruna iruditu zait; nigandik, beraiengandik. XX. mendean eragin nabarmena izan zuen emakumea izan zen arren. Orduan topo egin dut bere garaiko beste emakume batekin, espainiarra, 1891n Granadan jaio zen Agustina Gonzalez Lopez Zapatariarekin. Idazlea, artista, transgresorea, feminista, pentsalaria. Federico Garcia Lorcaren lagun mina izan zen. Saiakera laburrak idazten zituen, eta familiaren zapata dendan saldu. 1936an falangistek fusilatu zuten, «puta izateagatik».

Ez da zintzoa alderaketak egitea. Bakoitzak bere arrazoibideak dituelako. Baina Roosvelten autobiografiak hotz utzi nau eta bere sasoiko Agustina Gonzalez Lopezen gaineko artikuluak, aldiz, aurkakoa eragin du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.