LARREPETIT

Besta, aske

Maddi Ane Txoperena Iribarren -

2018ko uztailak 4
Gogoan dut nola artean nerabeak ginela, sexu harremanekin kontuz ibiltzeko erraten ziguten. Haurdun gelditzen ahal ginela, edo eritasun arriskutsuak harrapatu: hiesa, sifilisa... Gerora jakin genuen sexua hori baino gehiago ere (eta bereziki) bazela, eta eskerrak! Baina mamu hark gibeletik begiratzen zigun aldi oro, «kontuz, gaiztakeriatan ari zara» erranez bezala.

Zorionez, ez dut sekula entzun behar izan ez ateratzeko gona motzarekin etxetik, ezta kasu emateko bestaz nola eta norekin egiten dudan dantza. Baina izanen dira, ziur, etxean halakoak entzun beharko dituztenak, euren anaia mutilei gehienez ere txintxo ibiltzeko erranen dieten bitartean. Eta eraso sexisten harira zabaltzen dituzten zenbait mezuk ere badute horretatik. «Kontuz Iruñeko Sanferminekin, eraso egingo dizute eta». «Kontuz zer edaten duzun, agian burundanga botako dizute». «Ez bueltatu bakarrik etxera»... Eta hemendik gutxira erranen digute etxean gelditzeko hobe, ea tupust eginen dugun paretaren kontra.

Mezu guztiok, baina, gibelean dute eraso guztiak elkarren artean nahastea. Iruñeko Sanferminetan kontuz ibiltzeko erraten dizuna ez baita ohartzen erasoak berdin jasan ditzakezula itxuraz oso sanoak diruditen herri txikietako bestetan. Eta Iruñean eta bertze lekuetan ere, mota guztietako erasoak egunerokoak direla; eta ikusezinak. Umetan gutaz abusatzen dutenetik, nerabetan ipurdia ukitzen diguteneraino, eta edozein barra ertzetan entzun behar ditugun iruzkin lizunetatik, tamalez, bortxaketaraino. Baina ez bakarrik.

Horrek ezin digu kendu bestak aske bizitzeko eskubidea, ordea; alderantziz: eraso horien guztien aurrean egoki ikusten dugun moduan erantzuteko zilegitasuna eman beharko liguke, eta hala eginen dugu, aurten ere. Baina ez bakarrik iazko bortxaketagatik, egunero eta bestaro jasaten ditugunengatik baizik. Parrandan eta aske ikusiko dugu elkar.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna