Garazi Arrula Ruiz.
LARREPETIT

Kataluniatik ekarritakoak

2018ko irailaren 14a
00:00
Entzun

Diadaren biharamunean Martxelo Otamendik zioen Kataluniako errepublika asmo duten hiru familia politikoetatik bik —PDeCATek eta Esquerrak— paperak trukatu dituztela. Irudipen hori bera izan dugu aste hasieran aldarri katalanak bertatik bertara ikusi eta procés-ean parte hartu duten eragileei entzuteko aukera izan dugunok. Diskurtsoen aniztasuna agerikoa izan da, bai azken urtean gertaturikoaren kontaketa egiteko unean, bai lelo nagusiak hautatzean. Gutxiago entzun dugu aurrerantzean eginen dituzten urratsez, ezpada kasuan kasuko Besteari eginiko eskaerez. Otamendik idatzi bezala, estrategia falta sumatzen da; nor bereari eusten ari zaiola dirudi. Beharbada gaizki neurtu genituen denok epeak, eta irakurketa adosteko eta estrategia birdefinitzeko aldi bat beharko da orain, elkarrekin aurrera eginen badute.

Zaila dirudi, halere, atzera egin dezaketenik, ez baitaude geldi. Hiri handi batzuetan, talde ugariko koalizioei esker daude erreferendum aldekoak agintean, eta itun pluralen bidez fronte munizipalistan dihardute.

Hain zuzen, batzuon harrigarri, «ehun soziala» jostearen beharra izan da PDeCATek gehien azpimarratu duena. Horri loturik, korrelazio baten berri izan dugu: Ciudadanosek boto gehien lortu du, oro har, ehun soziala ahulen den auzoetan. Horra auzo elkarteetan, casals-etan eta ikastetxeetan antolatzera deitzeko premia. Gauza jakina da hezkuntza sareek Katalunian indar handia dutela; bada LOMCEri intsumisioa egiten dion eskola publikoen sare bat ere. U-1ean egin bezala, eskolak trukerako espazio eta bilgune publiko modura erabili behar direla uste du batek baino gehiagok. Gainera, hori bada udalen eskumen.

Liburuaren astea zela eta, irakurgairen bat ere ekarri dugu etxera; tartean, Marina Garcesen Nova il·lustració radical. Hori ezin ukatuko zaie katalanei: inozentziaz bustirik, apika, errotikako ilustrazio batekin egin diote aurre sortzez antiilustratua den kultura bati.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.