Jaume Gelabert.
LARREPETIT

Gure garaiko heroia

2018ko irailaren 27a
00:00
Entzun
Gure garaiko heroia ez da Lermontov (1814-1841) idazle errusiarraren «gaizkile tragiko eta erromantikoa» bezalakoa. Gurea goizeko seietan altxatu da. Ur epeletan dutxatu, ziztu bizian arropa jantzi, eta maria gailetak kafesnean busti ditu tarrapatan kalera atera aurretik. Motxila autoan sartu eta Iruñeko bidea hartu du. Belateko tunela obratan denez gero, goizago atera behar izan du etxetik garaiz iristeko; kamioiek eta auto ilarek abiadura motelarazi diote. Txantrean aparkatu du autoa, bertan lankidearekin elkartu eta, aldapan gora, biak abiatu dira eskolara.

Gainerako kideak agurtu eta berehala hasi dira lanean. Eskuan boligrafo gorria batak, berdea besteak, «Oso-ongi-egin-dut» ikaslearen maisulana zuzentzeari ekin diote. Bukatzerako margolan abstraktua da idazlana, geziak, azalpentxoak, gurutzeak eta marra gorri-berdeak nonahi. Azkenaldian maiz egin duten bezala, nota idatzi aurretik beren lan ibilbide luzearen gaineko gogoeta egin dute. Administrazioko langileak izanik, asko borrokatu behar izan dute helduen euskalduntzea ahalik eta baldintza hoberenetan egin zedin eskola publikoan, anitzetan Administrazioaren beraren kontra. Parte hartu dute euskararen aldeko era guzietako ekimenetan, baita, badakite, eskolaren jarduera kritikatzen zutenenetan ere. Dena eman dute ikasleek euskara bere senti zezaten. Une alaiak ere izan dituzte, bai irakasleekin, baita ikasleekin ere. Ezin konta ahala ikasleren bizipenak ezagutu dituzte eta, horren froga erakutsi nahian, umorezko pasadizo bat kontatu diete ondoko lankideei. Anekdota bukatutakoan berriz erreparatu diote mahai gaineko idazki surrealistari. Azken azterketaren emaitza gorriz idatzi dute. «Heldu den ikasturtean hobeki eginen duzu» xuxurlatu du bietako batek.

Gure garaiko heroiek bihar hartuko dute erretiroa, eta ia inork ez die 35 urtez egindako lan isila aitortuko, hezur-haragizko heroiei dagokien bezala.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.