Hedoi Etxarte
LARREPETIT

Zuek hil zenuten

2018ko urriaren 20a
00:00
Entzun
Leticia Dolerak Espainian bestsellerra izan den Morder la manzana liburuaren promozio biran esan zuen: «Bortxaketa une oro erne mantentzeko modu bat da, eta bai uste dut estrategia terrorista bat dela ordena jakin bat mantentzeko». Patricia Reguerok egin zion elkarrizketa hura, eta Marta Sanzek Anagrama etxearen bilduma berrian argitaratu berri duen liburu puskako pasarte bat da (Monstruas y centauras).

Ba poliziarekin eta poliziaren biolentziarekin (badakit tautologia dela) berdin. Eta ertzainen eta foruzainen kargekin bereziki. Zeren ez, ez da gauza bera Logroño eta Zaragozatik jendea izutzera eta kolpatzera Iruñera datorren polizia nazionalaren ofizioa eta psikologia ala Buztintxurin bizi eta Nabarrerian kolpatzera datorrenarena.

Eta beraz bai, ulertu behar dugu, bortxaketa besteak beste, emakumeak diziplinatzeko tresnetako bat den bezala direla poliziaren kargak gizarte zibila, kaleko jendea diziplinatzeko tresnak. Eta karga horien parte direla, lantzean behin, hildakoak egotea. Une oro erne egon daitezen kalean gabiltzanean, beldurrez. Testu-liburuek esango digute legeek askatasuna dakartela, baina Erregimen honetan badakigu, legeen zaindarien irakaspenei esker, ezetz, legeen beldur izan behar dugula. Legeak, eta poliziak, oso bestela antolatuko diren amaraun administratibo bat sortu arte behintzat.

Beraz ez, ez da kasuala fiskaltza eta epaileak hain berandu aritzea Cabacasena epaitzen. Ez da kasuala ez-dakit-zenbat-ertzainek euren artean kontraesanak izatea. Ez da kasuala guztiok ezagutzen dugun arduradun nagusia, Ugarteko, lekuko izatea epaitu izan beharrean. Ez da kasuala Jaurlaritza hau, eta aurrekoa, asaldatuta ez egotea halako heriotzekin. Ez da kasuala, Ertzaintza honen lanaren parte gisa ulertu behar delako heriotza eta osteko guztia. Zirkua begiratzen dugunean ere erne egon gaitezen. Presente izateko haiek direla indarra eta indarrez direlako boterea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.