LARREPETIT

Espazioko brigadak

Jaume Gelabert -

2018ko abenduak 6
2016an eman ziguten gakoa: «Errege Bardeako poligonoko jarduerak ez du inolako eraginik hegaztiengan». Horixe erantzun zion Espainiako Gobernuak Ignacio Bernal Elkarrekin Ahal Dugu-ko senatariari. «Izan ere —jarraitzen du idazkiak, erantzuna zehaztu nahian edo— azken urteotan etengabe handitu da eremuko hegazti kopurua». Beraz, txostena idatzi zuen aditu batzordearen arabera, oinez ibiltzea —debekatuta dago parke naturaleko hainbat gunetan— hegaztiendako kaltegarriagoa da bonba tona batzuk jaurtitzea baino. Are gehiago, azken jarduera horrek on besterik ez omen die egiten txoriei, sexu grina pizten dielako. Ornitologia irakaspena jaso genuen garai hartan, Rajoyk —norbait oroitzen ote da oraindik beraz?— irmo eta zorrotz gidatzen zuen hegaztien eta Starship Troopers bezalako zientzia fikziozko literatura belizistaren zale taldea.

2018ko ekaina. Poztasun handia —Yes, we can!— sortu zuen Rajoy gobernutik kendu eta Pedro Sanchezek —inork izanen ote du gogoan etorkizunean?— lemaren ardura hartzeak, ezker parlamentarioak eta alderdi nazionalistek lagunduta. Baina lemari aldaketak ez zuen ornitologo talde berririk ekarri. Aste honetan, beste behin, Errege Bardea bonbardatu dute Espainiako armadako hegazkinek, benetako munizioa erabilita. Seguru asko, 2016ko txostenak ez du baliorik galdu eta horregatik erabiltzen jarraitzen dute egungo arduradunek. Esanen nuke Celaá ministroak oso kontuan izan zuela aurreko gobernuaren informazioa Saudi Arabiako monarkia eredugarriari saldutako bonben gaineko adierazpenak egiterakoan: bonbek ez dute txoririk akabatzen; ergo, bonbardaketek ez dute yemendarrik hiltzen. Gainera —pentsatuko zuen— leherketei esker populazioa handituko da. Yemengoa munduko krisi humanitariorik larriena izendatu du NBEk. Auskalo nora zabalduko ote duten oparotasuna Erriberaren gainean praktiketan aritu diren hegazkinek. Txosten doilorren egileek, aurreko edo egungo gobernukoek, jakinaraziko digute.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna