Garazi Arrula Ruiz.
LARREPETIT

Topa!

2019ko urtarrilaren 4a
00:00
Entzun
Gabonetan berretsi dugu: jai guztietako erregina da, edozein festetako gatza eta piperra, falta ezin den adiskide leiala. Ohikoan bisitatzen ez dituen etxeetan ere sartzen du muturra egunotan; gau zaharrean, mahatsak baino zilegitasun handiagoa du. Ohikoan iskintxo egiten zaila bada, zer esanik ez ospakizunotan. Tokatu egiten baita. Alkohola, zernahi kolore eta edontzitan.

Jairen batean alkohola edan ez duenak badaki zer presio sozial egiten den edan dezan. Hain dago sozialki onartua, non hobe baita botikak hartzen zabiltzala esanez justifikatzea ekintza eza, dena delako jaia azalpen-festa bihurtzea nahi ez bada. Abstemioa emakume gaztea bada, haurdun dagoela pentsatuko dugu; ez baita, itxuraz, beste arrazoirik taberna batean egon eta alkohola ez edateko. Egunerokoan, norbere buruari egiten diogun oparia da: egun trakets baten ostean, merezi dugulakoan, trago bat hartuko dugu. Legatza garesti dago, kubata bat ez. Zer beste egin dezakegu? Alkoholaren bitartez harremantzen den herri bat da gurea, estatusa ematen du, eta nonahi aurki daiteke. Hamaika taberna dago zinemako.

Muga beti fin: alkoholismo ikusgarriak berehala dakar estigma; are gehiago, Ana Burgos antropologoak dioenez, edalea zaintza edo ardura sozialen bat duen emakumea bada. Epai moral handia ekarri ohi du horrek, eta zigorra ere tamainakoa. «Nabarmenegia» ez bada, berriz, edan lasai. Erantzukizunaz salbuesten du maiz, eta horregatik ere maite dugu. Kausa-ondorio lotura ezin dela justifikaziorako erabili azaltzen saiatu zen Nietzsche ere, zeren, garai hartan, alkoholismo mailari egozten baitzitzaion Alemaniaren gainbehera.

Orobat da depresibo indartsuenetako bat. Egunotan, topa alkoholdun bakoitzeko egonen zen damuren bat, buruko minen bat, ahazturiko zerbait. Balentria eta hizketaldi gogoangarrien akuilu ere izanen zen, zertarako uka. Gure ahalen nola ezinen erakusle. Ez dakit kezkagarri izaterainoko problema ote den, edo areago kezkagarria den ez problematizatzea ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.