Jaume Gelabert.
LARREPETIT

Koxka bat estuago

2019ko urtarrilaren 10a
00:00
Entzun
Asko dira Horace Walpolek 1764an The Castle of Otranto idatzi zuenetik etxe sorginduen istorioak zabaldu dituzten liburuak; horietako lan batzuk, gainera, euskarara ekarriak dira, Edgar Allan Poeren Usher etxearen hondamena edo Henry Jamesen Koxka bat estuago kasu. Azken horretan zaila da jakiten Ingalaterrako landetxean gertatzen diren fenomeno paranormalak benetakoak ala protagonistaren burutazioak besterik ez diren. Nolanahi ere, kanpoko edo barneko mamurik izan, Jamesek asmatu zuen bere nobelan ezinegona pizten, eta funtsezkoa da etxea giro itogarria sorrarazteko: kandelen argi ahularen pean, korridore luzeko egurrak ateratzen duen soinu karraskatua nahikoa da liburuko protagonisten beldurrak —eta irakurlearenak— askatzeko.

Arrotxapetik Iruñeko Alde Zaharrerako bidean, Nabarreria plazako Rozalejo jauregiaren paretik pasatu bitartean, maiz pentsatu izan dut beldurrezko istorio gotikoa kokatzeko agertoki ezin hobea zela eraikina. Dekadentea, utzia, iluna, luzez biztanle ezagunik izan gabea. Eta tristea. Horrela gertatu zen 2017ko irailaren 3ra arte. Hainbat gaztek etxea okupatu eta jauregia biziberritzen hasi ziren data horretan: mamuak, nolabait, uxatu zituzten. Gobernuak, Udalak eta Gazte Asanbladak ekin zioten gero etxe sorginduaren etorkizuna erabakitzeko negoziazioari. Ikuspuntu kontrajarriak, proposamenak eta arbuioak izan dira prozesuan, negoziazioetan ohikoa den bezala. Ohikoa ez dena —edo izan behar ez lukeena— da errepresioaren bidez irtenbidea adostea. Borren metodologia beste garai batekoa da —edo behar luke izan— eta ez dator bat aldaketa garaiarekin: gazteak, ez hain gazteak eta kazetariak —animo, Ion!— egurtzea ez da aire berria zabaltzeko bidea.

Zaila da jakiten zer interesek piztu duten gaztetxearen auzia, gobernuaren barneko mamuek edo kanpokoek, baina zalantzarik ez dago aldaketarako bidea koxka bat estuago ixtea beldurgarria dela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.