LARREPETIT

Eder artean bizi

Garazi Arrula Ruiz -

2019ko urtarrilak 11
Hamazazpi urtez Rekalde taberna gidatu eta gero, marko berdeko pertsianak itxi eta Alde Zaharretik joan da Agus Rodriguez. Gros auzoan beste proiektu bati helduko badio ere, itxieraren arrazoia egun sustatzen den hiri ereduari egotzi dio. Gros ez da periferia, eta biztanleko batez besteko errenta antzekoa da auzo batean zein bestean (Aitziber Arzallusen erreportajeari esker dakigu hori: Gipuzkoako Hitza, 2018-12-14). Halere, inbertsio talde handiei egin zaie tokia Alde Zaharrean, eta ito egin dute Rekalde, nola itotzen ari diren taberna horrek irudikatzen duen guzia.

Beste inbestitzaile talde bat da Alaba Belasko jauregiaren jabea; udalaren gisan, jabe ezezagunek etxea ahazturik zuten feministek erabilera eman nahi izan dioten arte. Gasteizen, abandonaturiko eraikin historikoak bezain ikusgarria da urteotan hiriak zenbat kosk egin dion inguruko lurrari, ez baitator bat biztanle kopuruaren gorakadarekin. Lapurdi mendebalde osoan ere, itsas hegian eta barrualderagoko herrietan zementua tonaka da isurtzen, lurra etxez estaltzen. Iñaki Etxelekuk dioenez (Ipar Euskal Herriko Hitza, 2018-XII-12), Lurren Tokiko Erakunde Publikoko teknikariek berek ez dute aski datu esateko zehazki zeri erantzuten dion etxegintza masiboak, ezta, kasurako, zer eros-ahalen araberakoa den ere.

Hirien erradiografia egiteko, eztabaida publikora eraman beharko lirateke auzoak nola egin irisgarri, sozial eta jasangarri. Eta paisaiaren partetzat hartu beharko lirateke urtea protesta artean hasi duten Gipuzkoako erresidentzietako langileak, Bizkaiko etxeko laguntzaileak, Miarritzen eta Baionan bildutako Jaka Horiak eta Azkoiengo laborariak. Noriak eta jaiotzak baino distira gutxiago eginagatik ere. Noriei eta jaiotzei ere distira eginarazten dietelako.

Gure hiriak, munduko ederren ezpada, ahalik eta tokirik bizigarrienak izan daitezen, edo bizigarrien direlako izan daitezen Munduko tokirik ederrena.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna