Jaume Gelabert.
LARREPETIT

Iraultzaren aurreko egunean

2019ko urtarrilaren 31
00:00
Entzun
Esperantzarik besterik ez izateagatik bizitza osoan itxaropentsu bizi ondoren, galdu egiten da garaipenerako nahia. Garaipen sentsazioa egiazkoa izateko, lehendabizi etsipena sentitu behar da. Hala dio Ursula K. Le Guin (Berkeley, 1929-Portland, 2018) idazlearen pertsonaia nagusiak The Day Before The Revolution (Iraultzaren aurreko eguna) narrazioan. Batez ere zientzia fikzioaren arloan aritu zen Le Guin, ikuspegi feminista, ekologista eta ezkertiarraz beti. Idazle berritzailea izan zen eta, Iban Zalduak ongi adierazi duen moduan, ez zen zientzia fikzioaren maistra handia izan, literaturarena baizik.

Errealitate foralera bueltan, edozeinek esanen luke Marmotaren Egunean behin eta berriz esnatzen garela aldaketaren aldeko lagunok Nafarroan, iraultzaren aurreko egunean beti. Le Guinen pertsonaiaren antzera, aldaketa sakona noizbait iritsiko delako itxaropenaz bizi gara, esperantza besterik ez baitugu. Nahi iraultzailea betetzear dagoela oheratzen garen aldiro, abiapuntuan gaudela esnatzen gara hurrengo goizean: batean, Ahal Dugu-ko parlamentarien arteko tirabirak, bestean Geroa Bai-ren tema Gaztetxearekin, hurrengoan Iruñeko Udalaren aurrekontuak onartzeko desadostasuna. Gaur —atzo— goizeko zaplaztekoa Nafarroako Tokiko Maparen legearen kontura hartu dugu; Orain Bai-ko kideak hausnartzen ari dira aldaketaren aldeko taldeek adostutako proposamenaren alde edo kontra bozkatuko duten —abstentzioa ere kontuan hartuko dute, diot nik—. Azken unera arte ez omen digute beren erabakiaren berririk emanen. Atzera ere iraultzaren aurreko egunean gaude, aldaketa iraultzailearen zain.

Le Guinen protagonistak, Odok, iraultza gauzatu zuen azkenean, nahiz eta helburua lortzeko beste planeta batera ihes egin behar. Bere hitzak nire eginen ditut: garaipena bihar iritsiko da, ahal dela planeta honetan, eta iristen denean sentsazioa kosmikoa, orgasmikoa izanen da; oraingo etsipenaren tamainakoa, alegia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.