Jaume Gelabert.
LARREPETIT

Kazetaritzaren urrezko aroa

2019ko martxoaren 14a
00:00
Entzun
Aitortu behar dut lehengo egunean amore eman niola morboari eta erakarpen gaiztoak bultzatuta Interneteko bidaia egin nuela Eduardo Inda kazetariaren Twitter konturaino. Errealitate birtualak ez zidan espero ez nuen deus erakutsi eta, hala ere, begirada azkarra eman ondoren, nazkatuta utzibehar izan nion kazetari nafarraren txioak irakurtzeari: laburrean esanda, mezu matxistak, xenofoboak, Casadoren gaineko Altsasuko publirreportajea eta Vox alderdi faxistaren ekimenen iragarkiak besterik ez nuen aurkitu. Gezurra, futbolaren gaineko informazio gaindosia ere baitzegoen; futbolaren gainekoa, baina kirolarekin zerikusirik ez zuena. Neure buruari zin egin nion ez nintzela berriz Indaren eta espezie bereko pertsonaien Twitter kontuan sartuko. Hala bedi.

Geroago oroitu nintzen bere burua aurrerakoitzat saltzen diguten zenbait katek Inda eta enparauak gonbidatzen dituztela beren saioetara aditu gisa, beren iritzia eman ?eta zabal? dezaten. Mota horretako saioetan, ikerketa serio eta sakonaren mozorropean, nolabaiteko autoritatea ematen diete eskuin ultra eta ozpinduaren ordezkariei, kazetaritzaren aitzindari balira bezala, beren informazio iturriak fidagarriak direla aditzera emanik. Hein handi batean, iritzi-sortzaile mainstream bilakatuak dira Inda bezalako pertsonaia patetikoak, hedabide ustez progreak ere izan direlako haien mezu arriskutsuaren bozgorailu; esanen nuke komunikazio kateen jokaera Indaren jarduera bera baino arbuiagarriagoa dela. Ez da broma; esaterako, Altsasuko gazteen kasuan nabaria izan da hedabideen eragina ?hobeki esana, hedabide zehatz hainbatena? ebazpen judizialak ezartzeko unean. Batzuetan epaileak alde bateko erabakia hartzera behartzeko, bestetzuetan —Altsasun hala gertatu dela ematen du— interes politikoengatik aldez aurretik ebatzitako epaia jendartean onartzen laguntzeko, ohikoa izan da kazetarien lana erabiltzea. Kazetaritzaren urrezko aroa beldurgarria da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.