LARREPETIT

Kazetaritzaren urrezko aroa

Jaume Gelabert -

2019ko martxoak 14
Aitortu behar dut lehengo egunean amore eman niola morboari eta erakarpen gaiztoak bultzatuta Interneteko bidaia egin nuela Eduardo Inda kazetariaren Twitter konturaino. Errealitate birtualak ez zidan espero ez nuen deus erakutsi eta, hala ere, begirada azkarra eman ondoren, nazkatuta utzi behar izan nion kazetari nafarraren txioak irakurtzeari: laburrean esanda, mezu matxistak, xenofoboak, Casadoren gaineko Altsasuko publirreportajea eta Vox alderdi faxistaren ekimenen iragarkiak besterik ez nuen aurkitu. Gezurra, futbolaren gaineko informazio gaindosia ere baitzegoen; futbolaren gainekoa, baina kirolarekin zerikusirik ez zuena. Neure buruari zin egin nion ez nintzela berriz Indaren eta espezie bereko pertsonaien Twitter kontuan sartuko. Hala bedi.

Geroago oroitu nintzen bere burua aurrerakoitzat saltzen diguten zenbait katek Inda eta enparauak gonbidatzen dituztela beren saioetara aditu gisa, beren iritzia eman ?eta zabal? dezaten. Mota horretako saioetan, ikerketa serio eta sakonaren mozorropean, nolabaiteko autoritatea ematen diete eskuin ultra eta ozpinduaren ordezkariei, kazetaritzaren aitzindari balira bezala, beren informazio iturriak fidagarriak direla aditzera emanik. Hein handi batean, iritzi-sortzaile mainstream bilakatuak dira Inda bezalako pertsonaia patetikoak, hedabide ustez progreak ere izan direlako haien mezu arriskutsuaren bozgorailu; esanen nuke komunikazio kateen jokaera Indaren jarduera bera baino arbuiagarriagoa dela. Ez da broma; esaterako, Altsasuko gazteen kasuan nabaria izan da hedabideen eragina ?hobeki esana, hedabide zehatz hainbatena? ebazpen judizialak ezartzeko unean. Batzuetan epaileak alde bateko erabakia hartzera behartzeko, bestetzuetan —Altsasun hala gertatu dela ematen du— interes politikoengatik aldez aurretik ebatzitako epaia jendartean onartzen laguntzeko, ohikoa izan da kazetarien lana erabiltzea. Kazetaritzaren urrezko aroa beldurgarria da.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna