Hedoi Etxarte
LARREPETIT

Atzeratutako hitzaldia

2019ko martxoaren 16a
00:00
Entzun
Duela 70 urte, 1949ko martxoan, Pordenoneko Alderdi Komunistaren Federazioaren lehenengo Kongresua izan zen. Pier Paolo Pasolinik PCIren Per la pace e il lavoro buletinerako testu bat idatzi zuen. 1947tik zen Alderdikoa, Casarsa della Deliziako San Giovanni sailekoa. 1948ko urrian bertako idazkari izendatu zuten, baina 1949ko urrirako egotzi egin zuten «duineztasun moralarengatik», homosexuala zela salatu zutelako eta epaitegietan prozesu luze bat martxan jarri zelako (1952an, froga faltagatik absolbitu zuten). Salaketa horrengatik irakasle lanpostua ere galdu zuen.

Burkideek Kongresuan kulturari buruz ponentzia bat egiteko eskatu zioten. Baina ez zen kulturarentzako denborarik geratu. Eta buletinera ekarri zuen Kongresurako prestatu zuena. Kultura aurrerazalea posible zen galdetu zion Pasolinik bere buruari. Bere ustez, langile jendearen eta nekazarien galdera hura goizegi zegoen planteatua. Italian, oraindik, kultura «burgesa» zelako. Gizartea, oraindik, «burgesa» zelako. Bazirela artistak kultura burgesari aurre egin ziotenak baina, asko jota, «kritiko» izatera heltzen zirela. Prentsara mugatzen omen zen eztabaida hura.

Pasolinik nabarmentzen zuen arte aurrerazalearen afera «izugarri konplikatua zela interferentzia eta bereizketa mordoa zegoelako». Horregatik egitate batzuk nabarmendu zituen:

1) Bada literatura «burges» bat, populazioaren gehienarentzat aski dena eta gustu txarrez, hipokrisiaz, puritanismoz eta sentimentalismoz egina dena. Baina bada, aldi berean, burgesiatik egindako arte inteligente, aberats, azkar eta aurrejuzgurik gabeko bat.

2) Bada literaturatik posizio politikoa hartzen duenik: eskuinera ala ezkerrera. Eta «literatur ikuspegi batetik literaturan ezkerrean egon zaitezke eta ez politikako ezkerrean, eta vice versa». Harreman konplexua dago, beraz, abangoardismo literarioaren eta politikoaren artean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.