Hedoi Etxarte
LARREPETIT

#04 Errua erregai

2019ko uztailaren 27a
00:00
Entzun
Laurogeiko hamarkadaren erdian idatzi zuen Ismail Kadarek Eskilo, galtzaile handia. Albaniako Herri Errepublika Sozialistaren azken urteak ziren, Balkanetako azken gerrak piztear ziren oraindik, Jugoslavia bat eta anitza zen, ez zen Kosovoko serbiarren kontrako ehiza hasi (Kadarek salatu eta kontatu zuen hura).

Balkanetako XX. mendeko literatur lan askotan bezala, Eskilok pribilegiozko tratu bat dauka gizateriaren garai ezberdinekin. Sentiarazten du Eskiloren garai urrun hura (urruna lehenaldiaren mespretxuz bizi denarentzat) eta gaur eguna garai bera direla: eraikin bereko, solairu bereko, horma bera partekatzen duten bi gela ezberdin. Hala gertatzen da sarritan Kadarerekin. Berdin kontatzen digunean 1961eko Albaniaz, 1389ko Kosovoz ala duela hogeita bost mendeko poetaz.

Eskilo-n Kadarek bere buruari galdetzen dio ea olioz blaitutako larruzko leihoetatik ze argi sartuko ote zitzaion tragedien idazleari. Ea argi horrek eragingo ote zuen idatzi zituen lanen tonuetan. Zeren bi mila urte beranduago, Shakespeareren tragediek ez zuten argitasun handiagorik, nahiz eta bere leihoak beirazkoak ziren: «Iparralde itzaltsuarengatik izan ote zen, ala ganduak bere barrenean zituelako?»

Kadarek azaltzen du bere aburuz zer ziren Eskiloren garaiko greziarrak. Herrialde ederra zutela, klima onekoa, olibondoekin, itsasoarekin, musikarekin, hildakoei bizia emateko marmolarekin. Argiak zirela, abenturazaleak, edertasuna maite zutela, filosofia, bazekitela zer zen morala, demokrazia, mitologia, patua. Harro zegoen herri bat zela. Baina, bereziki, errudun sentitzen zen herri bat zirela greziarrak. Gaztaroan egindako krimen batek helduaroan sortzen duen sentimendua zutela. Troia ondoratu zuten greziarrek mende batzuk lehenago.

Kadareren aburuz, Troia suntsitu izanaren osteko trauma zen greziar literaturaren sorburu nagusia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.