Goizalde Landabaso
LARREPETIT

Oporrak orduko

2019ko uztailaren 30a
00:00
Entzun
Hilabeteotako igandeetan idatzi ditut gero astearteetan kaleratutakohauek. Beste alde horretan dagoenak zer pentsatzen duen, zer sentitzen duen, zein interes izan lezakeen jakitea zaila da. Norbera beste aldekoa denean ere gupida gabe baztertzen ditu batzuk eta onartu besteak. Horregatik, alde honetan zaudenean zeure buruarekin zintzotasun ariketa egitea besterik ez zaizu gelditzen. Lerrootara etorri natzaizunean ni neu, behintzat, saiatu naiz. Gaur bezalako ataka batek ezinbestean zaramatza balantzea egitera, edo behintzat, ikasturteari begirada bat botatzera tala gainetik. Asteroko hitzordua duzunean harrapa zaitzakeen gripeak ere interesa sor lezake. Ez ohean ematen duzun asteagatik, bai berriz, sukarrak eragin liezazkizukeen ideiengatik. Hala ere, bat nabarmentzekotan, sanferminetako talde bortxatzaile ezagunari Espainiako Auzitegi Goreneko Zigor Aretoko bost epaileek emandako epai irmoa aipatuko nuke. Baina batez ere biktimak eman digun guztiarekin geratuko nintzateke; berak eta bere inguruak. Izan ere, horrelako egoera batean, zulotzarrera ez jausteko derrigorrezkoa da babestuko zaituen zirkulu indartsua. Jasan eta jaso dituen inpunitate ariketa guztien aurrean ez du burua makurtu. Amaitu berri den Tour ospetsuak izan lezakeen igoerarik lakarrena ahuntzaren gauerdiko eztula da emakume honek egin duenaren aldean. Esango dute pertsona bakar batek ezin dezakeela ezer aldatu, baina hemendik gora ezer ez da berdin izango; dena aldatu du emakume gazte honek. Ez dakit nahikoa eskertu ote diogun egindakoa, ez dakit gai ote garen benetan egin duena ikusteko. Nik eskerrak eman nahi dizkiot ausardiagatik, tinkotasunagatik, arantzatsua izan den bide luzeegian eusteagatik, amorerik ez emateagatik. Ez du heroi izan nahi, baina bere gutunean agertutako esaldia («Konta ezazue, ez iezaiezue irabazten utzi») mantra lez eramango dut. Opor on izan ezazu, my friend.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.