Jaume Gelabert.
LARREPETIT

Gaitzespena

2019ko urriaren 24a
00:00
Entzun

Torra Kataluniako presidentea behin eta berriz saiatu da Sanchez Espainiako jarduneko gobernuburuarekin hitz egiten. Madrilekoak ez dio telefonoa hartu nahi izan katalanari oraingoz. Elkarrizketari biderik ez emateko erabakia argudiatzeko, Sanchezek arrazoitu du katalanen ordezkariak ez duela biolentzia gaitzetsi. Egia da Generalitatekoak indarkeria arbuiatu duela hedabideetan azken egunotan, baina gizonak ez omen du agintari espainiarrak eskatzen duen moduan egin, Torrak ez baitu bere gaitzespenean poliziaren jarduera goraipatu, ez Espainiako konstituzioa laudatu, ezta autodeterminazioari uko egin ere; hau da, Sanchez independentistekin mintzatzen da independentistak izateari uzten diotenean (edo beren botoak behar dituenean). Berezia da Sanchezen gatazkak konpontzeko errezeta: indarkeria ez gaitzesteko aitzakiaz elkarrizketari muzin egin eta, elkarrizketarik ez dagoenez gero, poliziaren indarra eta epaileen erabakiak erabiltzea gatazka deuseztatzeko, azken emaitza itxurazko amaiera besterik ez bada ere. Espainiako demokrazia harrigarria.

Torraren indarkeriaren gaitzespenaren harira egindako adierazpen batzuk ere harrigarri samarrak gertatu dira. Esaterako, zirrara berezia sortzen da Zelaa Espainiako Gobernuko bozeramaileari indarkeriaren gaitzespena eskatzen entzundakoan, gogoan izanik PSOEko kideak azaldu zigula Espainiak Saudi Arabiako erregeari saldu zizkion bonbek ez zutela Yemenen sarraskirik eragiten. Bonba bakezaleak. Edo Casadoren ikuskizun histrionikoak ikustean, bere alderdiak lan erreforma ezarri zuela jakinda. Prekaritatearen ondorioak ez dira indarkeria adierazpen? Zer esan Ekialde Hurbileko gerraren biktimen sufrimendua banalizatu duen Riveraz? Biolentziaren definizioa aldatzen da non sortzen den, Altsasuko taberna batean edo multinazional bateko bulegoan. Muturreko pobreziaren kronifikazioa sortzen, ezartzen eta kudeatzen dutenek zehazten dute zer den indarkeria eta zer ez. Baketsuki eginda, noski.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.