Hedoi Etxarte
LARREPETIT

Etenaldiaren alde

2019ko abenduaren 28a
00:00
Entzun
Apirila hondartzen ari zen. 1856. urteak herena bete zuen, eta Henry David Thoreauk egunerokoan idatzi zuen: «Urte berri bakoitza sorpresa bat da. Jabetzen zara txori bakoitza bereizgarri egiten duen nota ia ahaztu zaizula, eta entzuten dugunean berriro amets bat bezala gogoratzen dugu, eta ekartzen digu memoriara geure izatearen aurreko egoera bat».

Etena da gure eraikuntzaren funtsezko baliabide bat. Minaren, hutsunearen ala betekadaren bidez sortzen da etena, jauzia. Etenik gabe ez dago pentsamendurik, ez dago memoriarik. Gainontzekoena da existitzen den heriotza bakarra. Bizitzako etenaldiak tradizioak markatzen ditu, ala minak ala oturuntzak.

Laurogei urte bete berri zituen Alain Badiouk Aubervillierren urteak ospatu zituenean. Eta nabarmendu zuen egungo munduak norbanakoei denetarik proposatzen dietela, salbu eta subjektu bihurtzea. Alegia, subjektuaren heriotzara goazela. Eta berak subjektuaren pizkundearen aldeko hautua egin zuen, marxismoaren izenean. Afera ez dela kapitalismoa hiltzea eta suntsitzea. Afera da aukera berri bat, izatearentzako agerpen berri bat, sortzea. Eta horretarako ezinbestekoa da gure buru-bihotz-urdailek liseritzea, sedimentatzea, sakontzea, despistatzea. Eta horretarako behar dugu etena. Digitaltasunak uzten ez diguna. Telebistaren bertsio makabroa delako.

Ahanzturarik gabe ezin da landu memoria. Etenik gabe ez dago errepikapenik. Etenik gabe ez dago eraikuntzarik. Hil osteko bakea ez da bake ez delako ezer. Bakea bizitzan behar dugu, ez zoratzeko. Sinfonia bat etxean entzuteko modu bakarra da sakelakoak itzaltzea, ala ahalik eta analogikoena den tresna batean jartzea albuma. Zerbait ia ahazten ez badugu ez dugu ezer gogoratzen ahal. Jendartean eztabaida bat dugunero hobe da ez egitea inolako kontsultarik sarean ikusteko nork ote duen arrazoia. Lagunartea da zalantza hori, ez jakitearena zehazki zerbait, suspense hori. Bakea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.