Blanca Urgell
LARREPETIT

Biziaren hariak

2020ko urtarrilaren 22a
00:00
Entzun
Spidermanen zaleak ginen 14 urterekin. Armiarmak gustatu ez, gorrotorik ere ez; harengatik ez balitz, ez genuen haietaz pentsatuko batere, halako piztia txikiak hiritik uxatu baitira. Neutroa da mundua, lixibaz garbitua.

Herrian, ordea, asfaltoak irentsi ezinik kanpoa etxean sartzen zaigu zirrikituetatik. Armiarmen amak denbora luzez ataria zaindu zuen, geldi-geldirik, halako batean lurrean zerraldo aurkitu genuen arte. Beharra etorri zenean, budistengandik ikasi nuen armiarmak arretaz kanpora ateratzen, araknofobia zuela uste zuen semearen mesedetan. Orain berak ateratzen ditu bere esku handien artean. Armiarmak hogeitaka izen ditu: ainarba, aramu, marasma, miarma, atxitamatxia eta hamaikatxo gehiago. Behinola euskaldunarentzat armiarma nolanahikoa ez zen seinale, guztiak nola edo hala onomatopeiak dira: armiarma bera errepikapenaz osatua bide da (ARMi-ARMa) eta I-A txandakatzeaz (armI-armA), tipi-tapa, plisti-plasta eta zirri-zarra bezalatsu. I-A hurrenkera ingelesez ere legea da, chit-chat, dilly-dally eta jingle-jangle modukoetan. Bi hizkuntzek dute baita I-O ere: erkatu gure klin-klon edo binbili-bonbolo euren hip-hop, flip-flop... eta King Kong-ekin. Ezin zarra-zirri esan euskaraz, ezin ingelesez hop-hip esan, ziurrenik I bokalaren bakantasunagatik, hizkuntzan bakanak eta berexiak diren hotsak nahiago baitira honelakoetan, dzast lekuko, eta plaust, fra-fra eta brist bezalakoak ere bai.

Maoriek ere badute errepikapena armiarmaren izenean: «pungawerewere», werewere 'zintzilika egon' hitzetik. Amaraunak zaintzeko ohitura omen zuten, zintzoen arimak harietan gora zerura doazelakoan. Guk Axerko, Otsoko eta Beleko bai, baina armiarma ez dut uste, ezta zizarea, saguzarra-eta ere, aise zanpatzen baititugu, aise akabatzen. Ez ote gara zetazko hari batetik zintzilik aurkituko Mortak bere artaziez ebakitzen duenean?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.