Blanca Urgell
LARREPETIT

Bihotza ala burmuina?

2020ko urriaren 7a
00:00
Entzun
Euskalariei zer esana eman dieten gaietako bat Christianus Cornelis Uhlenbeck hizkuntzalari nederlandarrakplazaratu zuen 1927an, gorputz-ataletako b- hasieraren maiztasunari erreparatu zionean: buru, begi, bular, bihotz, beso, belaun… Azalpena bere posesiboan bilatu zuen, behatz *be(re) hatz-etik zetorrelakoan, adibidez.

Hizkuntza askotan, bestalde, greziera zaharrean kasu, singular eta pluralaz gainera 'duala' delakoa dago bi diren zeren multzoa adierazteko, eta Holmer-ek (1947) horrekin lotu zuen gure b- misteriotsua: euskarak ere behinola duala zukeen, bada; horren arabera, begi *bi-+ X litzateke, baina, tamalez, Holmer-ek ez zuen sekula argitu gi zer zatekeen.

Bouda-k (1949), aldiz, sailkatzaileak ekarri zituen alorrera. Japonieran, esate baterako, izenaren motaren eta formaren araberako sailkatzaileak lotzen zaizkie zenbakiei: ba hegaztien sailkatzailea omen (niwatori san-ba 'hiru oilasko'), biki animalia txikiena (inu san-biki 'hiru txakur'), etab.

Trask-ek (2008) erraz jipoitu zituen hirurak: gorputz-atal askok ez dute b-rik (oin, esku, erhi, gibel, sudur…); b- duten asko ez dira bi, hala nola mihi (< *bini), buru eta bihotz; eta, gainera, b hotsaz hasten diren hitzak ugari baino ugariago dira euskaraz, biko zerak izan zein ez.

Diotenez, gizakiok beren artean kausa-ondorio erlaziorik ez duten zerak elkarrekin lotzeko sortzetiko joera handia dugu. Etsaiaren bihotza jaten dute gerrariek, haren adorea beretu nahiz. Lauren Beukesek Broken Monsters eleberrian (2014) dio Historiaurreko gizatalde batzuek nagusia hil eta jaten zutela erritualki. Irakurri dut burezurra zulatu eta burmuina murtxatzen omen ziotela. Gure auzo kantabriarrek horixe egiten omen zuten bost urtetan behin, nagusiak agintaldian erdietsitako jakinduria xurgatzearren. Bozkatu beharrean. Sasta. Urrup. Klik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.