Blanca Urgell
LARREPETIT

Aranak eta haranak

2020ko azaroaren 11
00:00
Entzun

Akademiaren hiztegiak gaztelaniazko arándano zelterazko *aran-etik eta latin berankorreko rodandărum edo lorandrum, rhododendron landarearen izenaren aldaera bietako batetik sortutako hibridotzat jotzen du. Harrituta nago, gure artean honetaz gehien dakienak, Gorrotxategik, zelteratiko maileguez egin zuen lanean (Vasco-céltica, 1987) ez baitzuen aipatu gure aran eta okaranak azal litzakeen balizko forma hori.

Wictionary-n bi aukera daude eus. aran azaltzeko. Lehena, etorki ibero-erromantzea, aragoieraz arañón eta katalanez aranyó ere bai baitaude. *Agraniō etimoa proposatzen dute, Akademiak dioenetik urrun. Bigarren aukera zeltera da, irlanderaz airne eta galesez eirin aitzinzelterazko *agrinyā-tik letozkeelakoan. Irlandera zaharrean ba omen dago arán, baina honek 'ogia' esan nahi du.

Zer gehiago? Aran uharteak, gaeleraz Oileáin Árann deritzenak. Dakienak daki, baina, dena den, zaila izaten da izen berezien etimologia finkatzea, deskriptiboak eta gardenak izan ezean. Gaztetan janzten genituen jertse lodiek zeuzkaten txirikorden izena ere 'aran puntua' da, eta trikotatzeko modu hau zeltatzat ematen da (ogiaren formagatik?). Interneten ikusi dut Arango haranaren izena ere (araneraz Val d'Aran) zeltei egozten dietela batzuek. Tautologiatzat dugu guk: aspaldi euskararekin lotutako mintzo batean hitz egiteagatik Aran izen deskriptiboarekin gelditu den harana. Arana pilatxo bat dago-eta hemen, artean Arabako Mendialdeko Harana harana.

Etimologia zaila. Nik ez dakit zelteraz *aran eta *agrinyā, ez eta latinez *agraniō egiantzekoak ote diren: zein oinarrirekin proposatuak diren. Bai badakit askok ez dutela esaten aragoiera, aranera, katalanera eta gaztelania hitz egiten hasi zirenean euskararen arbaso batzuk han zeudela eta, beraz, erdarazko aran erro biak, haranak noski eta fruituak agian, euskaratik ere azal daitezkeela. Zeltamania ote, ala beste maniaren bat?

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.