Blanca Urgell
LARREPETIT

Pluraltasunaren formak

2021eko martxoaren 31
00:00
Entzun
Euskaltzaindiak dio pluraltasuna «plurala denaren nolakotasuna» dela, eta aniztasuna-ren sinonimoa. Egungo Testuen Corpus-ean ere agerraldi guztiak-edo Edurne Soraluzeren hau bezalakoak dira: Pluraltasuna, tolerantzia, justizia,solidaritatea nahiz diskriminaziorik eza (BERRIA, 2003-12-12).

Nire burbuilan, ordea, pluraltasuna entzun orduko, dzast, gramatikan plurala denaren nolakotasuna ulertu. Singularra eta plurala. Bon, hizkuntza batzuek duala, triala edota paucala dauzkate: 'bi', 'hiru' edo 'gutxi' adierazteko modu trinkoak. Duala begiei, besoei... bi diren gorputz-atalei dagokie, besteak beste. Polonierak antzina ba omen zuen, eta zantzuak hortxe daude oraino: oko 'begia' pluralean oczy da (ahoskatu otzi), erregularra **oky balitzateke ere.

Plurala hizkien bidez adierazi ohi da (eus. ogi-ak, ing. bread-s). Halere, hizkuntza askok «plural hautsia» edo «barruko plurala» dute. Zeinek ez ditu ezagutzen mouse / mice eta tooth / teethingelesez? Arabieraz ez da salbuespena, araua baizik, eta eredu asko ditu, haien artean ezagunena CuCuC:kit?b 'liburua' vs kutub 'liburuak'.

Gurean, aldiz, beti bat da. Beti bat? Tira: ia-ia. Hiru eredu, gutxienez: -ak, en eta eta: harriak, harrien, harrietan. (H)arriaga ere plural hutsa da, harriak-en lehenagoko forma. Eta (H)arrieta? Non esan duzu bilduko garela? Harrietan. Nora? Harrietara. Nondik? Harrietarik. Hasieran deskriptiboa zen toponimoa fosildu eta, harri-etan barik, Harrieta-n (berr)analizatu zuten. Badugu bat-zu(k) eta badugu Arbizu. Beste plural bat. Eta badugu Oteiza, hondar(t)za eta dabil(t)za, dagoz eta datoz, edo hobeto *datoza, noski.

Pluraltasuna egon badago, ugari eta jori, hizkuntzan eta bizian. Pluralismoa landu egin behar, ordea, «...jendeari arretaz eta enpatikoki entzunez,eta eurak eta euren biziak eta euren beharrak ulertuz» (Isaiah Berlin).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.