Blanca Urgell
LARREPETIT

Ongi etorriak omen

2021eko urriaren 13a
00:00
Entzun
Omen ekialdeanbaliatua da, Deba ibaitik hasita (mendebaldean ei bizi da). Ondare zaharrekoa izatera, Trask zenak dioenez, *oben behar luke, bn-ren eraginez sudurkaritua, hala nola mendekatu (lat. vindi-) edo hemen (< heben< *hau-en), aitzineuskaran ez baitzegoen m-rik.

Lehen lekukotasuna nafarra da, auzi baten lekukoak esana: Arengatikan atera omen zuen etxetik (Iruñea, 1596). Ebidentzialtasuna, hots, 'informazio iturria' adierazten duten partikuletako bat da, ei eta bide-rekin batera. Hizkuntzen laurden batek badu horrelakorik, Alexandra Aikhenvald-en arabera (2004), and the winner... Amazoniako tariana bide da, bost «omen» baititu, hurren eusko-tarianaz azalduak: (1) Maddi futbolean ikusiko banu, Maddi jokatzen-ari-da-naka esango nuke (ikusizko ebidentziala); (2) jokoaren hotsak entzunez gero (baina ikusi ez), Maddi jokatzen-ari-da-mahka (ez-ikusizkoa);(3) Maddiren botak eta baloia ez daudela ikusirik, Maddi jokatzen-ari-da-nihka (inferentziazkoa); (4) Maddi igandean etxean egon ez eta igandero jokatzera doala jakinik, Maddi jokatzen-ari-da-sika (onartutakoa); eta(5) beste norbaitek esango balit, Maddi jokatzen-ari-da-pidaka (esanezkoa). Esanezkoa da gure omen, bada.

Omen izena bakanago entzuten da, entzutekotan. Ziurrenik kultismoa Hegoaldean, Larramendik (1745) lapurtera klasikotik ekarria. Ubillosek lehenengoz erabili zuenean (1785) edo pama erantsi zion alboan, ordukoek irakurleari irakatsi nahi zizkioten hitzak agertu ohi diren eran. Omenaldi joan den mendekoa baino ez izan arren, berriz, omenaldiz omenaldi bizi gara orain. Bon, supituki sinonimo bat oparitu digu Ezker Abertzaleak Espainiako hedabideen laguntzarekin (edo alderantziz akaso),gure hizkuntzaren hitzak banan-banan tabu bilakatzeko estrategia betean.

Zaude. Hanlon-ek esan omen zuenez, ez egotzi gaiztakeriari inozokeriak ederki azal lezakeena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.