Jaume Gelabert.
LARREPETIT

Mad Max Erregeren Bardean

2021eko urriaren 28a
00:00
Entzun
Azkenaldian kezkaturik nauka Miquelen obsesioak. Txiki-txikitatik gara lagunak, eta berriki arte ez diot sekula horrelako temarik ezagutu. Egunero eta ordu guzietan energia kontuak ibiltzen ditu ahoan gora eta behera: petrolioa laster amaituko dela, ikatz erreserbak agortzear direla, gabeziak ondorio latzak ekarriko dituela gas produkzioan eta auto elektrikoa ez dela soluzioa, fabrikazio-prozesuak energia-kopuru jasanezina eskatzen duelako; desazkundea eta gizarte-eredua errotik aldatzea dela irtenbide bakarra. Zinemazale porrokatua da —beste obsesio bat, baina ez da kezkagarria— eta nahita edo nahigabean Mad Max filmeko irudiak deskribatzen dizkit etorkizunaz mintzatzen denean. Kezkak gaina hartu zuen udan: Mallorcara joaten naizen aldiro libururen edo komikiren bat oparitzen diogu elkarri eta azken bisitan Miquelek Antonio Turielen liburua eman zidan, Petrocalipsis, lagunaren argudioen iturria.

Hasiera batean irakurtzea baztertuta banuen ere, liburuari ekin nion. Aitortu behar dut nire benetako asmoa zela berehala aurkitzea hutsegiteren bat, oinarririk gabeko datua edo erraz gezurtatuko nuen tesia; hau da, Miquel bere obsesiotik libratuko zuen zerbait. Ez dut lortu. Turieli kontra egiteko argudioak bilatu ditut Interneten eta ez dut bat ere aurkitu. Ezer ez. Eta nik kezkaturik jarraitzen dut, orain beste arrazoi batengatik. Nire egin dut Miquelen obsesioa: komuneko argia piztuta uzten dudan aldiro Mel Gibsonen larruzko jaka etortzen zait burura Erregeren Bardeako basamortuan.

Asteartean Antonio Aretxabala geologoak azaldu zien Nafarroako Parlamentuko kideei baliabide mugatuak dituen planeta batean ezinekoa dela lehengaiak etengabe ustiatzea. Miquelek eta biok nahi genuke aurrerantzean entzule horiek Mad Max noraezean irudikatzea Abiadura Handiko Trenaren errailen gainean, funts publikoa zertan gastatu hausnartzen duten bakoitzean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.