Blanca Urgell
LARREPETIT

Ai, nere itsua!

2021eko azaroaren 24a
00:00
Entzun
Esango nuke «aurrizkiak» entzun orduko, zerbait arrotzetan pentsatzen dugula. Adin batekoak garenok gogoratuko gara Luis Mari Mujika zenaren La prefijación, clave del euskara técnico y urbano (1978)liburuaz, non inguruko hizkuntzen aurrizki ugariak emankor bihurtzea hil ala biziko kontutzat jotzen zen: aurrezertu 'aurretik zehaztu', artenahasi 'eragotzi' edo behenormal 'adimen gutxikoa' bezalako haren proposamenei «lindezas» deitu zien Irigoyenek berehala.

Sunwar hizkuntzan aurrizki bat eta bakarra omen dago, ma-, ezezko aditzak egiten dituena: guk ere etorri vs maetorri egin genezake euren antzera, baina gabe ere ondo gaude. Izan ere, oro har, anitz arruntago dira aurrizki baino atzizki gehiago dituzten hizkuntzak, eta batere ez dutenak ere badira. Halere, hizkuntza batzuek aurrizkiak (ere) erruz dauzkate, gramatikako zeregin garrantzizkoetan eduki ere. Euskara bantu hizkuntzetako bat balitz, honela mintzatuko ginateke: o-mu-gizono-mu-lodia dator, gizon zein izen-klaseri dagokion izenean ez ezik izenondoan ere adierazita. Aitzin-tibeto-birmaneran aurrizkiak berreraiki egin dituzte, erroa palatalizatu dutela, edo berarekin bat egin direla eta abar suposatzeak ezerk baino hobeto azaltzen duelako adituek zekusaten erro-anabasa.

Euskarak aurrizki gutxi ditu, eta berriak, Azkuek esanda (1923): ber-piztu, des-egoki, ez-ezagun, ez askoz gehiago. «Baliteke antzina batere ez izatea» ere esan zuen. Aurrizkia bada erroaren aurreko hizkia, berreraiketa zailetan sartu gabe ere, zer dira dator, zetorren, baletor, etorri, eratorri hitzetan tor erroaren aurrekoak? Egun, ba- izan ezik besteak ezer gutxi, eta e- deus ez. Baina antzina?

Ba, beitu: niri ere dezente kostatu zitzaidan halakoei «aurrizki» izena ematea. Utzi Kardaberatzi kentzen: «Nik ori egin det, Jauna? Ai, nere itsua! Ai, nere zoro galdua!». Eta hara: ez naiz azkena izan, ziur.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.