Blanca Urgell
LARREPETIT

Euskal fadistak

2021eko abenduaren 29a
00:00
Entzun
Iturriagak dio bere fabuletan «sortzetik dakarrela / nork bere patua». Baluke honek zeresanik agnostiko baten lumatik, baina, norbaitek mahai gainean behar beste garagardo ipini ezean, badoa jostuna jostera eta ni neure filologo labera.

Patua nire euskalkiko hitza da —nire euskalkia batua da: hauxe patua—, baina edozeinek egiazta lezake orokorretik gutxi daukala, lekukotasun guztiak giputzak baitira, Barandiaranen Ataungo izaki mitologikoak —patuak— eta guzti. Hortik kanpo, Arratian, Orozkon eta Markinan Azkuek 'aztikeria, sorginkeria' adieran jaso zuen, eta deabruarekin egindako patu edo hitzarmenetik zetorrela uste zuen. Ostera, senak esaten dit adiera guztiak latin fatum 'halabeharra' delakotik datozela, baina ez dezagun irudika erlazio mitologiko-teluriko antzinakorik: beraren formak eta hedadurak aditzera ematen du garbi ez dela Erroma garaikoa, ezta hurrik eman ere.

Bikotea daukagu euskaraz: patu zaharra eta fado berria, portugesetik musikak ekarria, euskaldun askok Maria Berasarte zoragarriari zor dioguna, edota Lisboatik egindako osteratxoari. Fado portugesak badu xarmatik eta badu aztikeriatik ere. Diotenez, etxe batean sexu bereko zazpi ume jaioz gero, lehenengoak fadoa egin behar du gauero. Gauero animalia bihurtuta zazpi zubi, zazpi iturri, zazpi mendi, zazpi bidegurutze... igaro behar, norbaitek harrapatu eta odoletan ipini arte. Patu gaitz horretatik askatu arte.

Edonola ere, Lizarraga Elkanokoaren fadoa 'gogoa, aldartea'-ri kasu eman: «Gorputzaren perlesiak kentzen du indarra ta mogimentua; arimarenak paratzen du ezindurik bekala, ez iteko gauza onik gogotik, ta iten badu, iteko epelki fadorik gabe».

Euskal fadistak, bada, edozertarikoak izan gaitezke: aski da gaurtik hasi eta behar deino gure fadoa egitea: zazpi zubi, zazpi iturri... zazpi antigeno-test edo zazpi txerto igarota. Behar dena eginda. Gugatik. Gureengatik. Epelki ez, behintzat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.