Goizalde Landabaso
LARREPETIT

Abesti tristeak

2022ko urtarrilaren 4a
00:00
Entzun
Tristura leku ona da abestiak ateratzeko, zioen aspaldi Sarah McLachlan kantariak. Berarentzat, nonbait, goibeldura exorzizatzeko modu eskuragarria zen. McLachlan-en hitzak bihurrituz, uste dut sorkuntzarako, oro har, bide ezin hobea dela tristura. Musika tristea sortzea, berriz, musika tristea entzutea bezain lasaigarria izan liteke, hori diote Alemania aldean egin zuten ikerketa batean. Kontua da zergatik gustatzen zaizkigun hainbeste abesti tristeak. Paradoxikoa badirudi ere, maita daiteke kantu triste bat (edo asko) eta ez egon triste. Frontiers in Psychology elkartetik enpatiarekin lotzen dute kantu goibelen zaletasuna. Are gehiago, gimnasia emozionalaren antzeko zerbait izan litekeela uste dute, eta gure buruak lasaitu egin ditzakeela ere bai. Berkeleyko Unibertsitatean egindako ikerketak ere musika tristearen ontasunak goratzen zituen, izaera katartikoa, eta beste aldagai oso interesgarri bat botatzen zuten mahai gainera: musika tristeak eragiten duen sentimenduen unibertsaltasuna.

Spotify-algoritmoak egin du, 1958tik gaurdaino, abesti triste maitatuenen zerrenda. Roberta Flacken The first time ever I saw your face, Three times a lady Commodores-ena, edota, Elvis Presleyren Are you lonesome tonight?. Ni nahiko hotz utzi naute horiek. Inguruko batek esan dit minorrean idatzitako kantuak direla okerrenak, eta adibide zenbait jarri dizkit. Sounds of silence, Festako gauak, eta batik bat, Gloomey Sunday. Enpatiarena ez du baztertzen, baina nahastea dela gakoa dio. Hain zuzen ere, Kaxianoren Itsasontzi baten abestiaren arrakasta hor dagoela dio: hitz tristeak, tonuak maiorrean. Niri neuri Everybody hearts begitantzen zait abesti lazgarri-gozagarria, egun batzuetan, Imanolen Zure tristura, eta Edith Piafen ia dena.

Kantu tristeak entzuteko zaletasun mututurako bidea aurkitu dut irakurritako ikerketetan, garunak ere gimnasia emozionala behar baitu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.