Blanca Urgell
LARREPETIT

Ahatetxoak ala huts?

2022ko urtarrilaren 5a
00:00
Entzun
Aitari galdetuko zenion: «Zenbat urte egin dituzu?» eta berak beti erantzungo: «Bi ahatetxoak». Irrifarre batekin, begiak dir-dir. Honekin gogoratu nintzen kanpai hotsak entzun orduko bi ahatetxo ez ezik hiru ere daraman urte honen hasieran. Aitari gustatuko zitzaion zenbakia, eta oinordetzaz neuri ere bai.

Ez da txarto hasi. Alabaren katua altzora etorri zait, aspaldiko partez. Urte berria opatzera, nonbait. Nik ahaztu, katuagandik sudur-begietara eskuak igaro eta alergiak ere segituan jo nau. Urte honek ahatetxoak ugari, baina zeroa ere badu hortxe, bigarren lekuan. Etor litezkeen onak eta txarrak, eduki berriak zein hutsuneak, gazi-gozoak.

Ikastea da bizirik egotea. Bizirik egotea ikastea da. Babiloniarrek Kristo aurreko 2. milurtekoaren erdialdean gauza zoragarriak asmatu zituzten: adibidez, zero zenbakia. Gure zeroa hurbilagotik dator denboran, baina funtsean leku beretik edo are ekialderagotik. K.o. 825. urtearen bueltan Mujama ibn Musa al-Khwarizmi persiarrak liburu bat argitaratu zuen greziarren eta indiarren matematikak laburbiltzeko asmoz, non, besteak beste, zeroaren erabilera azaldu baitzuen. XII. mendean latinera itzuli zenean europarrentzat Algoritmi de numeroIndorum izena eman zitzaion, hots, «al-Khwarizmi zenbaki indiarrei buruz», egilearen izena Algoritmi latindartuta. Felix inventio! Honatx algoritmo hitzaren oinarria.

Ingelesez aught izenak 'zero' esan nahi du, eta pluralean the aughts 2000 eta 2009 arteko hamarkadari dagokio. Berak bezalaxe 'ezer ez' esan nahi duen ingeles zaharreko naught-etik dator. Hizkuntza honetan sarri gertatu bezala, a naught oker zatitu eta an aught ulertu zuten hiztunek.

Zenbat akats zoriontsu ez ote dira izan gure orain arteko ibilbidean. Ahatetxoen artean dagoen zeroak gogoratuko ahal digu ezerezetik ere ernatzen direla gutxien espero ditugun onak. Urte Berri On, lagunok!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.