Jaume Gelabert.
LARREPETIT

22.796 milioi

2022ko urtarrilaren 6a
00:00
Entzun
Espainiako Kongresuak abenduaren 28an, Inozoen Egunean, onartu zituen estatuaren aurrekontuak 2022rako. Nahiz eta aurreko astean Senatuaren oniritzia jaso, xaloei eskainitako egun hartan gainditu zuen lege proposamenak azken tramitea, PPk hizkuntza koofizialak sustatzeko zuzenketa baten alde egin zuelako. Inozentada galanta alderdi espainiar nazionalistarena: onarpena astebetez atzeratzeko grinak itsuturik, 1,6 milioi euro eskatu zituen PPk berak gutxitzen dituen hizkuntzak babesteko. Misterio ulergaitza da estrategia politikoa.

Onartu zen funts publikoa 2022an zertan inbertituko den zehazten duen legea. Hurrengo egunean Espainiako Aldizkari Ofizialak argitaratu zuen Kongresuan adostutako aurrekontua. Seguruenik, Felipe Borboikoak ez zuen testua irakurri berretsi aurretik —762 orrialde dira, ilustraziorik gabeak—. Nik ere ez dut eginen —aizue, marrazki bat ere ez—, baina gerora errepasatu ditut onespenaren harira idatzi diren artikulu batzuk, eta Vilaweb aldizkari digital katalanean datu txundigarri bat aurkitu dut: inozentaden egunean, inoizko gastu militarrik handiena onartu zen legearekin batera. Espainiako historiako gobernurik progresistenak funts historikoa esleituko die jeneralei beren zera burutsuak egin ditzaten, Kongresuko gainerako indar aurrerakoien sostenguz. 22.796 milioi euro: Espainiako administrazioak inbertitzen dituen bost eurotik bat gastu militarrean erabiliko du. Baliteke kopuru handiagoa izatea, Defentsa Ministerioak mila milioi inguru gastatu ohi baititu aurrekontuen gainetik. Aurten 4.500 milioi euro inbertituko dira armagintzan, 3.500 Guardia Zibilean. Politikaren bideak ezin asmatuzkoak dira.

Ez dut duda izpirik ere legea aurrera atera duten alderdietako parlamentarioek 762 orrialde lehor horiek irakurri zituztela aldeko botoa eman aurretik. Duda eginarazten dit, ordea, funtsa jasotzeko hartzaile hoberik aurkitu ez izanak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.